Iaz, koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Ermuko Udalak martxan jarri zituen eskola-materiala erosi ahal izateko 90 eurorainoko diru-laguntzak. Orduan izandako arrakasta kontuan izanda, Udalak errepikatu egingo du ekimena. Hala, gaurtik aurrera, hilak 28, ermuarrek dirulaguntza eskatu ahal izango dute. Epea abenduaren 5ean itxiko da.

Diru-laguntza hauen helburu nagusia tokiko establezimenduetan erosketak egitea sustatzea da, eta aldi berean, familiei eta ikasleei ikasturte hasieran ohikoak izaten diren gastuak arintzea. Laguntzak gehienez 90 eurokoak izango dira ikasle bakoitzeko, eta 2021eko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean Ermuko dendetan egiten diren arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testuliburuak izan ezik), material informatikoa, betaurrekoak eta lentillak erosteko gastuak ordaindu ahal izango dira.

Aurten lau laguntza lerro aurreikusi dira:

  • 2019ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 30era bitartean jaiotako haurrentzat.
  • 2005eko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako eta eskolaratutako gaztetxoentzat.
  • 1996ko urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31era artean jaiotako ikasleentzat, betiere irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak, masterrak, doktoregoak edo helduen hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikasketak egiten ari egiten ari direnak. Prestakuntza osagarria ez da kontuan hartuko (hizkuntzak, informatika erabiltzaile-mailan, gidabaimena, etab.).
  • 1996ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako ikasle langabetuak, diru-laguntzarik jasotzen ez dutenak eta aurreko adin-tarteko pertsonek bezalako ikasketak burutzen ari direnak.

Laguntza hauek jasotzeko, derrigorrezkoa da Ermuan erroldatuta egotea, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik urte bereko abuztuaren 31ra bitartean. 2021ean jaiotako haurren kasuan, eskaera egiteko unean Ermuan erroldatuta egotearekin nahikoa izango da.

Eskabideak Ermuko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (eguneko 24 orduetan) bete eta bidali daitezke, edo Abiapuntu bulegoan, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara. Instalazioetan itxaronaldi luzeak saihesteko eta erabiltzaileen tramitazioa arintzeko, bide elektronikoak erabiltzea gomendatzen da. Gogorarazi nahi dizuegu Udalak laguntza eskaintzen duela ziurtagiri elektronikoak eta BakQ erabiltzeko, herritar guztiek tresna teknologiko horiek aprobetxatu ditzaten.

Bete beharreko eskabide-orria egoitza elektronikoan bertan aurkitu ahal izango da, eta herriko ikasleei ere banatuko zaie ikastetxeetan. Agiri horrez gain, 90 eurorainoko laguntzak jaso ahal izateko, irailaren 1etik urriaren 30era bitartean Ermuan egindako gastuen fakturak entregatu beharko dira, diru-laguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak. Halaber, kontu korrontearen titulartasunaren datuak justifikatzeko agiri bat, matrikularen egiaztagiria (17 urtetik gorakoen kasuan) eta SEPEren ziurtagiria (langabeen kasuan) eskatuko dira.