ERMUA. Astebete barru, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan. Hori dela eta, urtero bezala, jardueren egitarau berezia prestatu egin du Ermuko Udalak. Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, programazioa moldatu behar izan dute.

Egitaraua gaur bertan, hilak 1, hasiko da, martxoaren 8ko kartelen lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketarekin. Galeria Emakumearen Topagunean dago ikusgai, eta martxoaren 31ra arte egongo da zabalik, ohiko ordutegian. Era berean, hilabete osoan zehar, Udal liburutegiak feminismoari, generoari eta zaintzari buruz prestatutako irakurketa eta ikus-entzunezkoen gida jaso ahal izango da.

Asteazkenean, hilak 3, Jabekuntza Eskolako Una mirada feminista a la cultura vasca tailerra hasiko da. Savina Lafita antropologoa emakumeek euskal gizartean eta kulturan egindako ekarpenak ikusarazten saiatuko da, mito batzuk berrikusteko eta Euskadiko feminismoen memoria berreskuratzeko. Tailerra asteazkenero izango da, martxoaren 3tik 24ra, 18:00etatik 20:00etara, eta Emakumeen Topagunean izena eman behar da aldez aurretik.

Kulturari dagokionez, martxoaren 4an, osteguna, Fabricando Mujeres 2.0 bigarren zatia dokumentala proiektatuko da 17:30ean Lobiano Kultur Gunean eta ondoren solasaldia egingo da bertan. Ostiralean, aldiz, La Compañía Joven de Pabellón 6 taldeak ¿Qué fue de Ana García? antzezlana aurkeztuko du Ermua Antzokian 19:00etatik aurrera. Sarrerak 10 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean eta leihatila digitalean.

'EGUNERO DA MARTXOAREN 8A'

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, udaletxearen ondoan dagoen izen bereko plazak protagonismo berezia izango du egun osoan zehar. Gune horretan, Egunero da martxoaren 8a espazioa izango da ikusgai; bertan, metro batzuk aurrerago Berdintasunaren Pasealekuan dagoen plaka inauguratu zenean zabaldu zen mezu hori gogorarazteko biniloak eta kartelak jarriko dira. Izan ere, egunero da martxoaren 8a, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde borrokatzeko konpromisoak egunerokoa izan behar baitu.

13:00etan, herritarren kontzentrazioa deitu da Orbe Kardinala plazan, eta bertan, alderdi politiko guztiek aho batez onartu duten adierazpen instituzionala irakurri eta lore sortak banatuko dira. Egun bizi dugun osasun larrialdiko egoera dela eta, higiene eta segurtasun neurri guztiak hartuko dira Ermuko herritarrek segurtasunez parte har dezaten.

Horrez gain, martxoaren 5etik 8ra bitartean, udal eraikinak more kolorez argiztatuko dituzte, Emakumeen Nazioarteko Egunaren sinbolismoa erakusteko eta indartzeko.

KIROLA ETA HIZKETALDIA

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, jarduera soziokultural asko bertan behera gelditu dira egoerak hobera egin arte. Emakumeen lasterketen dekanoak, Donostiako Lilatoiak, ordea, garai zail horietara egokitzea eta 2021erako edizio berritu bat antolatzea erabaki du, genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen jarraitzeko. Horrela, eta osasun neurriak errespetatzeko, ez ditu parte hartzaile guztiak Gipuzkoako hiriburuan biltzera deituko, baizik eta korrikalari bakoitzak munduko edozein tokitan egin ahal izango du nahi duen ibilbidea. Beraz, lasterketan izena ematen duten Ermuko emakumeek proba gure herrian bertan burutu ahal izango dute, hala nahi izanez gero. Lilatoi birtualaren inguruko xehetasun guztiak, hemen.

Azkenik, martxoaren 11n, osteguna, Make Internet Great Again hitzaldia eskainiko dute Bartzelonako UNA proiektua osatzen duten pertsonek. Saio honetan, gorrotoaren diskurtsoen gorakada eta sare sozialen bidez izan duten hedapena ulertzeko gakoak emango dituzte. Era berean, horri aurre egiteko eta ziberespazio justuago bat sortzeko alternatibak eraikitzeko tresnak partekatuko dituzte. Hitzaldia 17:30ean hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.