ERMUA. Ermuko Udalak 190.000 euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du udalerriko merkataritzan eskola-materiala erosteko dirulaguntzetan.

Ermuko Udalak 2.235 laguntza eskaera jaso ditu guztira; horietatik 2.205 Abiapuntu bulegoan bertan erregistratu dira aurrez aurre, eta beste 30, aldiz, telematikoki. Eskaera gehienak urrian (1.343) eta azaroan (452) bildu dira, baina irailean (373) eta abenduan (67) ere jaso dira.

Kanpainaren hasieran jakinarazi genuenez, laguntzak hiru adin-tartetan banatu dira: 2 eta 16 urte bitartekoak, 16 eta 25 urte bitartekoak eta 25 urtetik gorakoak. Pertsona bakoitzak gehienez 90 euroko laguntza jaso ahal izango du tokiko saltokian eskola-materiala erosteagatik (arropa, liburuak, koadernoak, betaurrekoak, material informatikoa, etab. barne). Behin kanpaina amaituta, honakoak dira datu ekonomikoak:

  • 2 eta 16 urte artekoak: 1.599 eskaera onartu dira, eta guztira 140.591,55 euro banatu dira.
  • 16 eta 25 urte artekoak: 49.194,16 euro eman dira diru-laguntzetan 567 onuradunen artean.
  • 25 urtetik gorakoak: 28 pertsonak jaso dute Udalaren laguntza; guztira 2.518,09 euro.

Horrela, kopuru guztiak gehituta, Ermuko Udalak 192.303,55 euro banatu ditu herriko saltokietan erosketak egin dituztenen artean.

Programa “arrakastatsua” izan dela adierazi du alkateak, herriko merkataritza sustatzeaz gain, Covid-19aren ondorioz bizi dugun une larri honetan milaka herritarri laguntza eskaintzea lortu baitu.

BAZTERTUTAKO ESKAERAK ETA ORDAINKETA-EPEEKIN ZALANTZAK

Kanpainako datuen aurkezpenean, Juan Carlos Abascalek laguntzak ordaintzeko epeen inguruan herritarren artean sortu diren zalantzak argitu nahi izan ditu.

Kanpainaren oinarriek zehazten zuten laguntzak 30 eguneko epean ordainduko zirela, eskabideak aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera, hau da, abenduaren 4tik aurrera.

Urtarrilaren 12an, hainbat lagunek kexak aurkeztu zituzten Udalean, ordainketa epe barruan jaso ez zutela iritzita. Hala ere, eta alkateak azaldu duenez eta Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legeak horrela zehazten duenez, epeak egunetan adierazten direnean, lan-egunak baliodunak direla ulertzen da; hau da, ez dira kontuan hartzen larunbatak, igandeak eta jaiegunak. Beraz, ordaintzeko epea urtarrilaren 21ean amaitu da, eta egun horretarako jada ordaindu dira laguntzak.

Bestalde, jasotako 2.235 eskaeretatik 27k ebazteke jarraitzen dute, datu okerrak emateagatik edo zuzenketak ez aurkezteagatik, eta beste 14 eskaera baztertu egin dira gutxieneko baldintzak ez betetzeagatik: Ermuan erroldatuta ez dauden pertsonak eta/edo laguntza-programak estaltzen ez duen gastu-tipologia.