Ezkerraldea

Mendiko bizikleta elektrikoak Otxandioko bideak ezagutzeko

Uztailean hasita, Javi Axpek mendiko bizikleta elektrikoen mailegutza eskaintzen du

23.08.2020 | 10:20
Javi Axpek mendiko bizikleta elektrikoen negozio txikia martxan jarri du Otxandion.

Koronabirusaren eztandak uda arraro eta berezi baten murgildu gaitu, baina hala ere badaude egoera konplexu honetan proposamen berriak aurrera eramaten ausartzen direnak. Javi Axpe otxandiarraren kasuan, bere azken apustuak mendiko bizikleta elektrikoen mundura eraman dio. Horrela, uztailean, mendiko txirrindulak alokatzeko negozio txikia sortu zuen. Egunez egun eta pausoz pauso, Axpe Ebike, Otxandio eta inguruko udalerrietan ezagutzen doan aukera berri bat da. Aisialdirako eta dibertsiorako aukera bikaina bilakatzeko osagai guztiak dituena.

Azken 25 urteetan Otxandioko Danoena Tabernako arduraduna izanda, duela bi urte Axpe Estankoa ere martxan jarri zuen Javi Axpek. Beti "aurrera botata" izandakoa dela aitortuta, Axpe Ebike osasun-krisialdi baten erdian sorturiko ekimena izan arren, ez du beldurrik. "Alde zaharrean bizikletak gordetzeko lokal bat libre nuen eta inbertsio handirik egin gabe ez nuen dudarik izan. Ez daukat asko galtzeko. Ondo ez bada irtetzen familiarentzako bizikletak izango ditugu, baina egia esan momentuz erantzunarekin pozik nago eta probatu duten pertsonak ere pozik etorri dira bueltan", adierazten du irribarrez.

Izan ere, proposamen honen lehen pausoak uztailaren hasieran izan ziren. "Bizikleta elektriko bat erosi eta probatu nuen lehenengo egunetik, Otxandion mendiko bizikleta elektrikoen mailegutza aurrera eramatea polita izango zela ikusi nuen" azaltzen du Axpek. Bere kasuan, txirrindula elektrikoen mundua orain dela gutxira arte ezezaguna zen. "Betiko futbolzalea naiz eta mendian edo bizikletan ez naiz asko ibili. Kapritxo moduan erosi nuen baina asko gustatu zitzaidan ematen dituen aukera guztiengatik".

Zentzu honetan, txirrindulak dituen onurak ingurumenaren eta osasunaren ikuspegitik eztabaidaezinak dira eta elektrikoak izanez gero abantailak areagotzen dira. "Azkenean bizikleta elektrikoekin ibilbide luzeagoak egitea posible da. Autonomia aldetik, 70 – 100 bat kilometro egitea posible da, teknika edo fisiko aldetik preparatuta egon gabe ere familiarekin, lagunekin edo bikotearekin irten zaitezke laguntza bat duzulako", nabarmentzen du.

Horrela, abiatutako negozio honek eskaintzen duena mendiko bizikleten mailegutza da. "Momentuz zazpi bizikleta ditugu. Bost helduentzako dira eta beste bi umeentzako. Gero ume txikiak eramateko eserlekuak ere eskaintzen dira. Alokairuaren barne kaskoa, kandadua, motxila txiki bat eta arrisku orotarako asegurua dago".

Prezioei dagokienez, Axpek aukera ezberdinak ematen direla adierazten du. "Orduko alokairua zortzi eurokoa da. Baditugu, hiru eta bost ordukoa, egun osoa edo bi egunekoa. Orain, 12 eurogatik ordu eta erdiko mailegutza ere eskaintzen hasi gara ezagutzera emateko. Honek nolabait bizikleta elektrikoen lehen hurbilketa bat egiteko balioko zuen eta ingurutik bueltatxo bat emateko", azpimarratzen du.

ibilbideak 

Urkiola eta Gorbeiako parke naturalen erdigunean kokatua, Otxandiok ibilbide benetan politak eta bereziak eskaintzen ditu mendiko bizikleta elektrikoarekin gozatzeko. Besteak beste, Oletako bidetik Urkiola eta Anbotorantz eramaten duena eta Barazarretik Gorbeia aldera doan errepidea.

Axpe Ebike arduradunaren ustez ibilbide politena eta zailtasun gutxikoa Altungane mendiko igoera izango litzateke. "Aldoia igotzen Barazarreko bidean, arboletako etxeak dauden lekuan eskuinetara hartzen baduzu kanpo abiazio zaharreko norantzan zoaz eta Altungane mendi txikira igotzen zara. Gutxi gorabehera 20 bat kilometroko ibilbidea da, pista ona da eta Gorbeiako ikuspegi eta inguru oso polita da. Laburra egiten bada Barazarrera jaitsi eta gero Saldropo eta Ubideatik ere luzatu daiteke Otxandiora bueltatu arte".

Etorkizunera begira, Axpek hainbat ideia ditu buruan. "Datorren urteari begira, udalarekin eta turismo bulegoarekin hitz eginda mapa batzuk egitea eta markatutako ibilbide desberdinak eskaintzea gustatuko litzaidake". Gainera ibilbide eta bisita gidatuak eratzeko aukera ere posible dela uste du. "Agian, lau pertsona edo gehiagoko taldeak formatzen badira eta nahi izanez gero, ni gida moduan joan ninteke. Momentuz bakarrik joaten dira, gomendatutako ibilbideak jarraituz eta batzuk hori nahi dute ere, beren kabuz joatea familia edo bikotearekin", komentatzen du.

Ordura arte, Otxandioko Axpe Ebike bizikleta elektrikoen proposamenari buruz gehiago ezagutzeko 625 702019 telefonoa edo Facebook sare sozialean bilatzeko aukera dago.