AMOREBIETA-ETXANO. Amorebieta-Etxanoko Udalak ezagutzera eman ditu webgunearen trafikoaren datuak. Espero zutenez, koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamendu garaian bisitak gora egin zuten nabarmen.

Konfinamendu garaian, 2019ko otsailetik maiatzera doan aldiarekin alderatuz, udal web-orrialdeak bisitarien kopurua % 22,71 handitu du eta bisita kopurua % 34,55. Zehazki, zornotzarrek 52.720 aldiz erabili dute Udalaren web-orrialdea, beste zerbitzu batzuen artean, Udalak pandemiaren kudeaketari buruz dituen albiste eta nobedadeen berri izateko. Gainera, 2019ko datuekin alderatuta, web-orrialdeak % 24,37 bisitari berri gehiago izan ditu.

Zornotzarrek web-orrialdeko edukiekiko izan duten interesa ikusitako orrien % 43,66ko hazkundean islatu da, izan ere, aurtengo otsaila eta maiatza bitartean Udalaren web- orrialdean 139.316 bistaratze erregistratu dira.

COVID-19ARI BURUZKO INTERESA

Udalak zornotzarrei pandemiari aurre egiteko beharrezko osasun arreta neurriak eta informazio garrantzitsua emateko web-orrialdean ezarri dituen berrikuntzek jendearen interesa piztu dute. Zehazki, Covid-19ari buruz web-orrialdean argitaratutako informazioak trafiko handia jaso du, ikusitako 7.193 orrialde guztira.

Halaber, konfinamendu-aldian, Udalak bere bitarteko digitalen bidez (web-orrialdea eta Facebook) hildako bizilagunen eskelak ezagutzera emango zituela jakinarazi zuen. Web-orrialdean argitaratutako albisteak 437 bisita jaso ditu gaztelaniaz eta 347 euskaraz. Bestalde, otsailetik maiatzera bitarteko hilabeteetan, hildakoen eskelak jasotzen dituen atala web-orrialdeko atal bisitatuenetako bat izan da, 4.680 bistaratze izanik gaztelaniazko bertsioan eta 984 euskarazko bertsioan.

Era berean, zornotzarrak oso adi egon dira udalerrian izandako berrikuntzei; izan ere, konfinamenduan zehar Udalaren web-orrialdean argitaratutako albisteen 20.306 bistaratze eman dira, 16.375 gaztelaniaz eta 3.931 euskaraz. Gehien irakurri diren albisteen artean, koronabirusa prebenitzeko gomendioei buruzkoa (1.159 orrialde ikusi dira) eta Udalak birusaren hedapenari eusteko hartutako neurrien iragarkia (905 orrialde gaztelaniaz eta 277 euskaraz) daude. Webguneko iragarki-taula, bestalde, 8.325 aldiz bisitatu da.

Web-orrialdearen hizkuntza-bertsioei dagokienez, zornotzarrek 115.125 orrialde ikusi dituzte gaztelaniaz eta 25.109 euskaraz, 2019ko otsailetik maiatzera doan aldiarekin alderatuta. % 39,29 eta % 77,56 hazi dira hurrenez hurren.

SARE SOZIALAK ETA ADIN TALDEAK

Web-orrialdera sartzeko bitartekoei dagokienez, bisita zuzenak % 75 igo dira eta sare sozialetatik etorritakoak, berriz, % 146,5. Otsaila eta maiatza bitartean, jatorri honetako 2.240 bisita izan dira. Facebooketik datozen bisitariak 2.130 aldiz sartu dira web-orrialdera eta Twitterretik datozenek 103 bisita eragin dituzte.

Gailu mugikorretatik egindako bisiten kopurua % 24,47 hazi da, 2019an 11.375 izatetik 2020ko otsailetik maiatzera 14.159 izatera igaro baita. Bestalde, ordenagailuetatik egindako bisiten kopuruak % 24,15 egin du gora (15.219tik 18.895era).

Generoari eta web-orrialdeko bisitarien adinari dagokionez, % 61 emakumeak izan dira eta % 39 gizonak. Adin-talde guztiek egin dute gora web-orrialdean; nabarmentzekoak dira 65 urtetik gorako bisitariak (trafikoaren % 10,71), 45 eta 54 urte bitartekoak ( % 24,21) eta 55 eta 64 urte bitartekoak ( % 16,57).