-Oinezkoen segurtasuna bermatu eta areagotzeko helburuarekin eta 2020ko aurrekontu parte-hartzailen emaitzari erantzuna emanez, Abadiñoko Udala zebrabide argiztatuagoak jartzen hasi da aste honetan. Izan ere, hau izan zen udalerriko herritarren parte-hartze prozesuaren proposamen bozkatuena. Horrela, lehenengo hobekuntzak eta lanak Matiena auzoko bi zebrabidetan burutzen ari dira.

Hain zuzen ere, Trañabarren Etorbidean, Taberna Zarra inguruan dagoen oienezkoen pasabidea eta Zubibitarte kaleko zebrabidearen ikusgaitasuna hobetu dituzte kokatu diren argi-puntu berriei esker. "Pasabideetako argiztapena hobetzea izan zen aurrekontu parte-hartzaileen proposamenik bozkatuena eta momentuz bi zebrabidetan ipini dira farola berriak. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duten, nahikoak diren edo beste zeozer egin behar dugun segurtasun gehiago izateko", adierazi zuen Mikel Garaizabal, Abadiñoko alkateak.

Zentzu horretan eta alkatearen esanetan "lehenengo pausua eman dugu bi puntu horretan eta, zebrabide bakoitzak bere neurriak eduki behar dituenez, ikusiko dugu beste batzuek zer behar duten oinezkoen segurtasuna hobetzeko". Helburu horretarako, gobernu-taldeak 2020 urteko aurrekontu parte-hartzaileen 50.000 euroak izango ditu. "Egindako lanetan oraindik ez dugu aurreikusitako aurrekontu guztia bideratu eta oraindik beste hainbat hobekuntza egitekotan gaude. Helburua oinezkoen segurtasuna bermatzea da eta horretarako lan egingo dugu", nabarmendu zuen Garaizabalek.

Abiapuntua Matienako bi zebrabide hauen ikusgaitasuna eta iluminazioa hobetzea izan da eta bertan argiztapen-sistema berriak jarri dira. Orain, udal teknikariek aztertzen jarraituko dute seinaleak edo beste aldaketaren bat egitea beharrezkoa izango den zebrabide horien ikuspena hobetzeko eta segurtasun handiagoa izateko.

Martxoaren hasieran eta koronabirusaren eztanda baino egun batzuk lehentxeago, udal arduradunek udalerriko lehenengo aurrekontu parte-hartzaileen emaitzak ezagutzera eman zuten. Prozesu hau, herritarrek beren udalerrian ezarri nahi dituzten proiektuak edo zerbitzuak aukeratzeko erabiltzen da eta horretarako udalek urteko aurrekontuen diru sarrera bat bideratzen dute.

Abadiñoren kasuan, 616 pertsonak parte hartu zuten, udalerriko biztanleen ia %10a izanda, eta guztira 35 proprosamen jaso ziren. Horietatik 22 bozkapenetik kanpo geratu ziren arrazoi tekniko ezberdinengatik eta gainerako hamahiru ekimenen artean, argiztatutako zebrabideak sortzea izan zen ekimen irabazlea.

Proposamen horrez gain, bozkatuenen artean, Gastanodiko haur-parkea konpontzea, pumptrack edo skatepark pista bat jartzea eta Gazteluko udal-lurretan landaketa autoktonoak egiteko bi hektarea landatzea egon ziren. Horri dagokionez, udalak legegintzaldian zehar gainerako proposamen horiek gauzatzen saiatuko zela adierazi zuen. Ordura arte, udalak proposamen irabazlea gauzatzen jarraituko du eta Matiena zebrabide hauek ez ezik, herriko beste batzuk ere hobetuko dira.

Lanak. Matienako Trañabarren Etorbidean, Taberna Zarra inguruan dagoen oienezkoen pasabidea eta Zubibitarte kaleko zebrabidearen argiztapena hobetu du udalak kokatu diren farola berriei esker.

Aurrekontua. Aurrekontu parte-hartzaileen barne daude burututako lanak. Horretarako udalak 50.000 euro bideratu zituen eta zebrabideetako argiztapena hobetzeko erabiliko dira.

Helburua. Oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin burutuko dira lanak. Zebrabide seguruagoak izateko behar diren neurriak eta aldaketak adostuko dira.