- Pasaden astetik, Berrizko Kultur Etxeko ateak zabalik daude eta aurtengo uda bereziari begira prestatutako programazioaren berri eman zuten. Bizi Berriz Kultura lelopean, jarduera eta emanaldi ezbedinak burutuko dira uztailean zehar eta guztietan ikusleen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osasun eta babes-neurriak egon eta jarraitu beharko dira. Uztaileko lehenengo ekitaldia, bihar bertan izango da Ganso & Ciaren Cabaret Panoli zirko saioarekin.

Berrizko Udalak eta kultur arduradunek prestatu eta aurkeztu duten udako kultur egitarauan adin guztientzako musika, antzerki eta dantza emanaldiak egongo dira. Ikuskizun guztiak eskolako patioan izango dira eta gaur egungo egoera berrian ezarri diren jarraibideei jarraituz, hala nola segurtasun-distantziei jaramon egitea eta maskara erabiltzea, beharrezkoak izango dira ekitaldietara sartu eta irteteko.

Koronabirusa dela eta, sarrera doakoa izan arren edukiera mugatua izango da eta horregatik txartelak edo paseak aurretiaz jaso beharko dira kultur etxean. Udalak adierazi duenez, pertsona bakoitzeko lau sarrera jaso ahal izango dira gehienez.

Programazioari buruz, uztailean zehar burutuko diren bost ekitaldi itxi dira. Lehenengoa, bihar, osteguna arratsaldeko 20.00 etan izango da Panoli Kabareta saioaren umorearekin. Emanaldi hau covid-19 garaian eta garaiotarako sortutako lan berezia da.

Ostiralean, ordutegi eta leku berdinean, musikaren txanda izango da Izaki Gardenak taldearen Dena Oskol kontzertuarekin. Uztailaren 10an eta 17an, berriz ere zirkoaren txanda izango da beste bi emanaldirekin eta hileko kultur programazioa bukatzeko uztailaren 24an dantza ikuskizun bat burutuko da.