Elorrio - Agus Barandiaran (Korrontzi) eta Mikel Unzurrunzaga (DJ Makala), 2019an abiatu ziren Topa-K abentura berrian. Folk-eletronika eskaintza bitxia, berezia eta trebea da beraiena, Euskal musika tradizionala eta musika elektronikoa fusionatzen dituena. Topa-K taldeak, uztailaren 24an, gaueko 22.30etan Elorrioko Musikaire jaialdian parte hartuko du eta egun horri begira Agus Barandiaranek osasun krisialdiak Musikan izan dituen kalteak baloratu ditu.

Nola definituko zenuke bizi izan duzuen egoera?

-Musikariontzat orokorrean eta guretzako ere oso gogorra izan da. Topa-K, Korrontzi eta Makala batzen dituen proiektu bat da eta, bai Makalarekin batera proiektu honetan, eta baita ere Korrontziko kon-tzertuetan hasiera batean denok bezala bi asteko gauza izango zela pentsatu genuen eta udako kon-tzertuak ez genituen arriskuan ikusten. Gero denok ikusi dugu zer izan den eta astero anulazio e-mailak topatzen genituen. Emanaldiak genituen Estatu Batuetan, Txekiar Errepublikan, Malasian, Espainiar estatuan, Portugalen, Frantzian eta Euskal Herrian. Guztira 50 kon-tzertu inguru genituen Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo eta denak bertan behera geratzen joan dira. Alde horretatik oso gogorra izan da. Gure ogibidea azkenean musikaria izatea da eta dena ikusten duzu arriskuan. Beste esparruetan ere egoera zaila da eta osasun aldetik suertea izan dugu baina hortik aurrera lan arlorrean oso tristea izan da.

Normaltasun berrian izanda aldaketarik nabaritu da?

-Orain kontzertu batzuk reprogramatu dira. Batzuk datorren urterako eta beste batzuk aurtengo udan eta udazkenean mantentzea espero ditugu, egungo formatuetara egokituta. Denok reinbentatzen gabiltza eta eskertuta antolantzaile horiek mantentzen duten ausardia eta apustuari udan ere aurrera eramateko kontzertuak. Ea dena ondo irtetzen den eta kontzertu horiek burutu ahal ditugun.

Lehendik ere antzerki, musika edo kultur ekintzetan murgilduta dauden artisten egoera prekarioa dela ezaguna da. Orain nola definituko zenuke?

-Lehendik gaizki geunden baina nire kasuan, Korrontzirekin ezin nintzen kexatu. Kontzertu asko eskeintzen genituen kanpoan eta hor baldintzak ez dira hain txarrak. Suertea izan dugu gure merkatua Euskal Herritik kanpo ere ibili garelako eta “pribilegiatuak” sentitu gara, baina egia da musikariok eta aktoreak behar dugula benetazko estatus bat, baldintza edo konbenio kolektibo bat. Lehengo egoera horrelakoa zen, baina kontzertuak izanda ba aurrera egiten duzu, orain koronabirus honek ekarri duenak agerian utzi ditu karentzia horiek eta babes gabe gaudela. Guk ez dugu eskatu baldintza hobeak edukitzea, bakarrik baldintzak edukitzea eta konbenio bat izatea.

Bagoaz kultur ekintza eta kon-tzertuen berri izaten, nola aurkezten da uda?

-Oraingoz bost edo sei egongo dira baina gehienak udazkenera begira edo datorren urtera begira geratu dira. Inork ez daki zer gertatuko den, baina printzipioz atzeratuta daude egiteko esperantzarekin.

Musikaire ekitaldian parte hartuko duzue, urte asko daraman jaialdia. Nola hartu zenuten berria?

-Musikaireko antolatzaileekin hitz egin nuenean harrituta geratu nin-tzen. Harrituta onerako. Jasotzen genituen deiak eta korreoak normalean berri txarrak emateko ziren eta bat batean ikustea jaialdi bat ausartzen dela kontzertu pila bat egiten hori guretzako eta musikariontzat berri oso ona da. Ezin bestekoa da horrelako antolatzaileak eta jaialdiak egotea, nolabait zerbait fakturatu mantendu eta aurrera egiteko. Beraz, Musikaire eta beste horrelako ekimen batzuk mesede handia egiten dute musika munduari eta musikari guztioi. Aukera ematen digute berriz ere musikari sentitzeko eta jendearen erantzuna ikusteko. Horrelako jaialdiak altxor bat dira eta txute emozionala da musikari sentitzeko berriz ere.