ERMUA. Koronabirusak eragindako krisialdiak kalte handiak egin dizkie enpresa txiki eta autonomo askori. Euren negozioak denbora luzez itxita eduki behar izan dituzte, eta galerak handiak izan dira kasu askotan. Batzuk berrikuntzak egin behar izango dituzte beren negozioetan pertsiana berriro igo ahal izateko. Horregatik, SPRI eta Innobasqueren zerbitzua den Hazinnovak enpresa txiki eta ertainei bideratutako doako aholkularitza zerbitzua abiarazi du, beren negozioa birdefinitzen laguntzeko.

Hazinnova 6-99 langileko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, batez ere industriaren eta industriarekin lotutako zerbitzuen sektorekoei. Ekainaren 15era arteko epea dago mikroproiektu berriei alta emateko. Batez ere, probetxugarri izan daitezke egungo egoeran enpresek martxan jarri behar dituzten proiektuei heltzeko. 50 orduko adituen aholkularitza zerbitzua. Esleitutako agente batek ETEei lagunduko die prozesu osoan zehar, administrazio-izapideen kudeaketan lagunduko die, eta enpresarekin batera aztertuko ditu hainbat eremutan gainditu beharreko erronkak. ETEek gehienez bi mikroproiektu jarri ahal izango dituzte martxan urtebeteko epean. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi mezu bat pe@udalermua.net helbidera.

Produktu edo zerbitzu batek merkatuko sektore edo nitxo berri batean sartzeko behar dituen aldaketen azterketan oinarritu daiteke proiektua, xede-publikoa definituz eta egungo produktu edo zerbitzu hori egokituz. Aholkularitzak enpresari kontzeptu berria testatzen lagun diezaioke.