ERMUA. Establezimenduen pixkanakako irekiera dela eta, Ermuko Udalak aurpegia babesteko maskara indibidualen banaketarekin jarraitzen du. Honen helburua herriko merkatarien segurtasuna bermatzea da, kutsatzeko aukerak murriztuz. Orain arte 252 pantaila banatu dira guztira Ermuko saltokietan.

Izan ere, joan den astelehenetik, maiatzak 4, deseskaladaren 0 fasean sartuta gaude, eta 400 metrotik beherako azalera duten txikizkako merkataritza-establezimenduek eta zerbitzu profesionaleko jarduerak eskaintzen dituzten lokalek ateak zabaltzeko aukera dute jada. Baldintza gisa, langile bakoitzeko bezero bakarra egotea bermatuko duen aurretiko hitzorduen sistema jarraitu beharko dute langileek. Hori horrela, babes ekipoen banaketa berriro zabaltzeko aukera izan duten denda horietara hedatu da.

Udalak material horren erosketa kudeatu du, tokiko saltoki txikiak babesik gabe gera ez daitezen, eta helburu nagusia da birusaren zabalkundea geldiarazten laguntzea eta lanean ari diren pertsonak eta haien bezeroak kutsatzea saihestea.

Babes-maskara horiek buruan eusten dira bisera formatuari esker, eta plastikozko lamina garden batek langilearen ikuspena eta mugimendua bermatzen ditu. Horrela, kutsatzeko bide nagusiak babesten dira, hala nola begiak, sudur-barrunbeak eta ahoa. Gainera, maskara arruntekin baino erosoago lan egiteko aukera ematen dute kareta hauek, eta, betaurrekoak daramatzaten pertsonen kasuan, ez dira kristalak lausotzen.

Bestalde, 150 boluntario baino gehiagok egindako 16.000 artisau-maskara berrerabilgarrien banaketa hasi dela azpimarratu behar da. Datozen orduetan herriko etxe guztietara iritsiko dira, pertsona guztiok pandemiatik babesteko eta birusa lehenbailehen gelditzeko.