ERMUA. Egunak aurrera egin ahala, normaltasunera itzultzea gero eta gertuago dagoela dirudi. Oraindik denbora asko geratzen da normaltasun osoa berreskuratzeko, koronabirusak eragin zuzena izan baitu, gure eguneroko bizitza hankazgora jarriz. Lehen genituen ohitura ugari aldatu behar izan ditugu, batez ere segurtasunari dagozkionak. Hori dela eta Ermuko Udalak, herritarren ongizatea bermatzeko asmoz, segurtasun-neurri bereziak ezartzen hasi da, deskonfinamendua gauzatzen denerako. Neurri horietan lehenengoa semaforoak programatzea izan da, oinezkoek botoia sakatu behar ez izateko.

Semaforoak birprogramatzean datza neurri berria, denbora-tarte jakin batean funtziona dezaten, eta botoiak zerbitzutik kanpo uztean, eskariz pasatzeko aukera ezabatzeko. Hau da, ez dugu botoia sakatu beharko kolore-aldaketa eskatzeko eta pasatu ahal izateko. Aurrez ezarritako kadentziaren arabera igaroko gara, hau da, pertsonen joan-etorriak lehenetsiko dira, ahalik eta denbora gutxien gelditzeko indarrean dagoen Alarma Estatuan. Horrek ezabatu egingo du askok erabiltzen dugun hiri-altzarien beste elementu batekiko kontaktua, transmisiorako bide bat izan daitekeena.

Ermuko hirigune osoan zehar hain zuzen ere, bost semaforo geratu dira atzodanik botoiz bidezko zerbitzurik birprogramatuta. Horietako hiru herria zeharkatzen duen bidean (BI-3344), Gipuzkoa Etorbide osoan zehar, 8, 17 eta 32 zenbakietako oinezkoen pasabide arautuetan. Eta beste bi, Hiriaren Seigarren Mendeurrena kalean, Kaltxangoko biribilgunera iritsi aurretik; 5. eta 10. zenbakietan.