- Koronabirusak eragin duen osasun krisialdia eta konfinamendu egoera baino pixka bat lehenago, Durangoko Luhartz talde mitikoa ihauterietako ospakizunetan murgilduta ibili zen. Beti bezala plazaz plaza, erromeria, dantza eta jai giro bikaina sortzen eta bat-batean dena gelditzeko gomendioa eta beharra etorri ziren. Pandemiak mundua geldiarazi du, kaleko erromeriak eta herri askotako jaiak bertan behera geratu dira baina, aste hauetan Luhartzen musikak, eusteko gogoak eta itxaropenak aurrera jarraitzen du sare sozialetan.

"Nork esango zigun doministiku batek mundua geldiarazi ahal zuela?"Aintzane Uria, taldeko abeslariak, ezin hobeto deskribatzen du momentuko egoera.

Covid-19 gaixotasunak eragindako etxeratze-aginduaren aurrean jendearen sormena piztu eta areagotu egin da eta, musika lagun izanda, Luhartzeko taldekideek bertsioak, abestiak eta bideoak egiten dituzte. Adibidez, berrogeialdiko lehengo asteko onartzea eta egokitzea Los del Rio bikotearen Macarena abestiaren erritmoarekin isladatu zuten. "Sarean dabiltzaten bideo bat gure eskuetara heldu zen, eta familiako senide baten eskaerari erantzunda, melodía ezagun bati guk asmatutako letra jarri genion", azaltzen du Uriak. Horrela, garbitzeari, sukaldaritza saioei, arratsaldeko txaloei, komuneko paperari eta etxean egon beharrari, umore onez abestu zioten durangarrek.

Egunak eta asteak aurrera joan ahala buruari buelta gutxi ematen saiatzen direla onartzen dute, baina egoera honek taldearen emanaldiak eten egin ditu. "Momentuz hamar bat erromeria anulatu egin dira eta beste zortzi inguru atzeratu, baina nahiz eta egoera berezi baten egon, teknologia berriak medio, aurtengo denboraldia prestatzen jarraitzen dugu", azpimarratzen du Rafa Iriondo, taldeko soinu eta teklatuak.

Luhartz taldea 1983. urtean sortu zen, Rafa Iriondo taldeko bultzatzailea eta sortzaileetako bat izanik. Etor Akordagoitia gitarrajolea 1997an sartu zen eta bi urte beranduago, 1999.urtetik aurrera, Aintzane Uriaren ahotsarekin Euskal Herri osoan emanaldiak izan dituzte, baita Ameriketako Estatu Batuetan ere. Kepa Calvo, bateria, eta Gorka Eskauriaza baxujolea 2015. urtetik dabiltza berbena taldean eta nahiz eta herri txiki batekoa edo handikoa izan, txikia, gaztea, heldua edo adinekoa, denok gozatu dugu noizbait talde honen erromeriarekin.

Orain, egoera larri honetan izan arren, boskotearen ilusioa, energia eta euste gogoak aurrera jarraitzen du. "Egunez egun eta distantzia laburreko ibilbideak eginez. Urrutiko etorkizunean begirada jarri gabe, baina beti itxaropen-tsu", adierazten dute.

Hain zuzen ere, konfinamenduan eta etxetik, Su ta gar taldeko Itxaropena abestiaren bertsio bikaina egin dute. Letrak esaten duen moduan "laister elkartuko gara izar alaiago batetan. Ez dut galduko itxaropena".

Abesti honek ezin hobeto islada-tzen du taldearen mezua eta eszenatokietara bueltatzeko gogoak. "Dan-tzatzen, abesten duen herria ez da inoiz hilko. Eutsi goiari, plazetan izango gaituzue laister".