ERMUA. Tamalez, koronabirusak pertsona askoren bizitzarekin amaitu du azkenengo asteetan. Hala, ezarritako segurtasun neurriak direla eta, asko dira euren senideei azkenengo agurra eman ezin izan diotenak. Ermuko Udalak koronabirusaren ondorioz hil diren ermuarrei omenaldia egingo die gaur bertan herri osotik zehar igaroko den kalejira batekin. Ekimen honen helburu nagusia joan direnen memoria gogoratzea eta etxean geratu behar izan diren euren senideei babesa eskaintzea da.

Udaleko ibilgailua gaur osteguna 20:30ean abiatuko da Sallabente auzotik. Oraingo honetan, txikienentzat egiten den kalejira alai eta animatuan ez bezala, ibilbideak tonu apalagoa izango du, eta herri osoan zehar ibiliko da egoerarekin bat datozen doinu lasaiekin.

Berrikuntza gisa, Egoprint enpresaren jabetzakoa den holograma sistema ere erabiliko du martxak, eta autotik babes eta animo irudiak proiektatuko dira. Hori dela eta, ekimena ilunabarrean garatuko da, hologramak ezin izango baitira behar bezala ikusi egunaren argitan.

Omenaldia herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmoa du Udalak, izan ere, ibilgailua astiro igaroko den arren, ez du geldialdirik egingo, haurren kalejiraren kasuan bezala. Nolanahi ere, 22:30ean amaituko da ekimena, pertsonen atsedena ez eragozteko. Beraz, herri osora iristeko denborarik emango ez balu, hurrengo egunean jarraituko luke martxak, 20:30etik aurrera.

Herritar guztiak gonbidatzen ditu Ermuko Udalak omenaldi ekitaldiarekin bat egitera eta gure bizilagunei babesa adieraztera, leiho eta balkoietara irtenda.