ERMUA. Ermuko Abeletxe Nagusien Egoitzako langileek aurpegia babesteko 25 maskara jaso zituzten Udalaren partez. Guztira, Ermuko Udalak 130 banakako maskara banatu ditu herrian azken agunetan.

Gure herriko egoitzak, lurraldeko geriatriko gehienek bezala, zailtasunak pairatzen ditu egunotan, koronavirusaren pandemiak eraginda. Afekzio posibleari buruzko datu ofizialik ezagutzen ez dugun arren, Abeletxe egoitza pandemia global horretatik kanpo ez da geratu. Aldundiak kutsatutako pertsonen kopuruari eta hildakoen estatistikari buruzko datuak hilabete behin, -hila igarota- eskaintzen ditu. Azkenengoz, apirila hasieran, martxoa pasa ondoren. Eragile batzuek uste dute hilean behin informatzea ez dela nahikoa, pandemiak eta errealitateak aldatu eta eboluzionatu egiten baitute egunero. Egoera horren ondorioz, kudeaketaren esleipendun den Vitalitas enpresak lan-poltsa bat eratuko duela iragarri du, ordezkapenak egiteko dituen beharrei erantzuteko, bajan dauden langileak dituelako eta langile batzuk isolatuta daudelako. Gaur goizean foru suhiltzaileek ostera ere Abeletxe egoitzako instalazioak desinfektatu dituzte.

Kezka handia da lurraldeko egoitzetan senideak dituzten familien artean, Ermukoak barne. Horiek beren kezkarekiko sentiberatasun, elkarrizketa eta gardentasun gehiago eskatzen dute. Aldarrikapen hori bere eginez, Juan Carlos Abascal alkateak gutun bat bidali die gaur bertan Gizarte Ekintza Sailari eta egoitzen foru-sarearen kudeaketaren arduradun nagusiari, familien larritasuna helarazteko, udalaren kolaborazioa eskaintzeko eta egoeraren inguruko informazioa eskatzeko.

SEGURU ETA EROSOTASUNEZ LAN EGITEKO

Babes-maskara bat da, bisera arineko formatukoa, buruan eusten zaiona, tamaina doigarria eta ikuspena bermatzen duen xafla gardena duena, mugitzeko aukera ematen duena -0tik 90 gradu artekoa -, posizio desberdinetan finkatzeko. Kutsatzeko bide nagusiak babesten dituen maskara da; begiak, sudur-hobiak eta ahoa, azkenean lainotzen diren betaurrekoekin baino erosoago lan egitea ahalbidetzen duena.

Babes-material banatu izanaren azken helburua birusaren hedapena geldiarazten laguntzea da, lanean ari diren eta aktibo dauden pertsonen kutsatzea saihesten laguntzeaz gain, gu guztiok oinarizko produkturik gabe gera ez gaitezen. Elkarlan modu bat izan da, nahiz eta ez izan tokiko administrazioaren eskumenik eta betebeharrik.

Maskarak lagungarriak izan daitezke kutsatzeak saihesteko eta birusa ez zabaltzeko, ahoa, sudurra eta begiak babesten baitituzte. Adituen arabera, birusa batez ere pertsonatik pertsonara hedatzen da, batez ere infektatutako pertsona batek eztul edo doministiku egiten duenean sortzen diren arnas tanten bidez. Eta baita neurri txikiagoan bada ere hitz egitean. Tantatxo horiek hurbil dauden pertsonen ahora edo sudurrera irits daitezke, eta litekeena da arnasa hartzean biriketara sartzea. Horregatik, distantzia soziala gomendatzen da.