Laugarren konfinamendu-astean

Ermuko Udalbatza telematikoki bilduko da bihar

06.04.2020 | 17:41

ERMUA. Bihar goizean, asteartea, apirilaren 7an, Ermuko Udalbatza telematikoki bilduko da lehendabiziz koronabirusaren krisia gauzatu zenetik.

Izan ere, jada laugarren konfinamendu-astean gaude, Covid-19k eragindako alarma-egoeraren ondorioz. Udalbatzak Informazio Batzorde bat deitu zuen martxoaren 17rako, asteartea, eta bertan behera utzi behar izan zuten osasun-larrialdiko arrazoiengatik, osasun-agintarien gomendioei jarraituz.

Ordutik ez da gobernu organoen bilkurarik egin udaletxean; dena den, ikusita alarma egoera luzatzen ari dela eta oraindik ezin direla aurrez aurreko saioak egin, talde politikoek bide elektronikoetara jotzea erabaki dute garrantzi eta interes handienekotzat dituzten gaiak jorratzeko. Hala, eta alarma egoerak iraun bitartean, Udalbatzak bide telematikoak erabiliko ditu bilerak egiteko.

Saio birtuala bihar asteartea, apirilak 7, hasiko da 09:30ean, eta 6 puntu jorratuko dira gai-zerrendan. Ohi bezala, bilera hasteko, bertaratutako zinegotziei gonbita egingo zaie eguneko edozein gairen inguruan egon daitekeen edozein interes garrantzitsuren berri eman dezaten. Ondoren, aurreko aktaren onarpena bozkatuko da, 2020ko martxoaren 10ekoa, hain zuzen.

Jarraian, Alarmako Estatu Dekretuak eta 10/2020 Errege Lege Dekretuak udalerrian egiten ari diren obretan duten eraginaren berri emango da, baita Zerukoa auzora sartzeko espaloian piboteak jartzearen berri ere.

Ondoren, Zaldibarko hondakindegia erori zenetik bi hilabete bete direnean, Alberto eta Joaquin bilatzeko lanen eta zabortegiaren egonkortzearen inguruko xehetasunak partekatuko dira.

Saioa amaitzeko, EH Bildu talde politikoak egindako kontsultak aztertuko dituzte.

Zinegotziek online plataforma bat erabiliko dute bideokonferentzia egiteko, eta oraingoz herritarrek ezin izango dute streaming bidez zuzenean jarraitu. Dena den, edukia ahalik eta lasterren eskainiko da Udalaren webgunearen eta/edo erakundearen YouTubeko kanalaren bidez.