Elorrio - Eskola eta errugbi-zelaiaren eremua berrantolatzeko proiektuaren barruan, errugbi-zelaiko harmailak eraikitzea posible dela adierazi du Elorrioko Udalak. Horretarako eraikuntzarako eta egin behar diren obrentzako kreditu gehigarria behin betiko onartu zuen joan den asteko osoko bilkuran.

Proiektu osoaren zenbatekoa 445.557,33 eurokoa izango da, eta behin obrak lizitatuta, 2020. urtea amaitu aurretik egoitza eta 200 lagunentzako harmaila berriak gozatzeko aukera izango dute zaleek.

Elorrioko Udalak adierazi zuenez, ia 30 urte dira errugbi-zelaia egin zenetik, eta orduz geroztik zaleek ez dute inoiz eguraldi txarraren aurrean aterpe hartzeko lekurik izan. Proiektua talde eta zaletuentzan oso onuragarria izango da eta gainera "errugbi taldearen erreibindikazio historiko bat izan da", azaldu du Dani Palacios Kirol arloko zinegotziak.

Gauzak horrela, proiektua esleitzea izango da hurrengo fasea baina udal arduradunek espero dute urtea bukatu baino lehen 200 pertsonentzako harmaila berriak gertu izatea.

KIROL ASTEA Bestalde, eta aurreko urteetan egin duten bezala, Kirol Astea antola-tzen hari direla azaldu du Elorrioko Udalak. Ekimen honen bitartez herriko hainbat kirol-talderekin batera, Pazko Asteko oporraldia baliatuz, herriko gaztetxoek kirola egiteko aukera izan dezaten.

Hainbat kirol-jarduera artean aukeratu ahal izango dute aurrez izena eman duten interesatuek eta adibidez txirrindularitza, txikibox, errugbia, mendi-irteera, saskibaloia, xakea, areto-futbola eta atletismoa izango dira ekimen honen protagonistak.

Apirilaren 14tik 17ra, eskainiko da Kirol Astea eta udalerriko 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua dago.

Lau egun horietan, goizeko (10:00etatik 13:00etara) eta arratsaldeko (16:00etatik 18:00etara) saioetan egingo dira jarduerak, kirol taldeetako kideen laguntzarekin.

Kirolaz gozatu eta disfrutazteko ekimena martxan dago eta udal arduradunek adierazi duten moduan emango diren jarduera denak doakoak izango dira. Dena den parte hartu nahi duenak ikastetxean jaso edo webgunean aurkituko duen inskripzio orria bete eta Udaletxeko harreta zerbi-tzuan, Kultur Etxean edo Kiroldegian eman beharko du apirilaren 1eko 14:30ak baino lehen.