Hurrengo astelehenean, hilak 9, Ermuko Udalbatzak apirilaren 5eko hauteskundeetarako izango diren hogeita bi hauteskunde-mahaietan parte hartuko duten herritarren zozketa publikoa egingo du.

Zozketa hauteskunde-erroldako bulegoak eskainitako CONOCE izeneko aplikazio informatikoaren bidez burutuko da. Aplikazio horrek Ermuko hautesle-erroldan inskribaturik dauden pertsonen artean aukeraketa era anonimoan eta aleatorioan egitea bermatzen du.

Zozketa 19:00ean egingo da udaletxeko Bilkura Aretoan, eta publikoa eta irekia izango da. Hortaz, herritarrak gonbidatzen ditugu bertara joan eta zozketa nola garatzen den ezagutzeko.

Era berean, zozketa zuzenean eskainiko da udal webgunearen bitartez, eta ikusgai egongo da bost egunen barruan, Egoitza elektronikoa / Organo-batzordeko bilkurak / Osoko Bilkura atalean.

HAUTESKUNDE-MAHAIEN OSAKETA

Hauteskunde-mahaiak osatzea udalen zeregina da, Zonaldeko Hauteskunde Batzordearen ikuskaritzarekin. Ermua Durangaldeko Hauteskunde Batzordearen barruan kokatzen da, eta hamaika sekzio eta hogeita bi hauteskunde-mahaitan banatzen da.

Mahai bakoitza hiru kidek osatzen dute: presidenteak eta bi bokalek. Euren zeregin nagusia bozketa kontrolatzea eta Konstituzioaren eta Legearen arabera zenbaketa egitea da. Garrantzi handiko lana da, zozketa publikoaren bidez esleitzen dena. Kideen aukeraketa hautesle-erroldan inskribaturik dauden artean eta 75 urte baino gutxiago izan eta irakurtzen eta idazten dakitenen artean egiten da.

Mahai bakoitzeko bederatzi pertsona aukeratzen dira: postu bakoitzerako titular bat eta bi ordezko. Lehendakariak Batxilergoa edo bigarren mailako Lanbide Heziketako agiria izan behar du, edo Eskola graduatua edo baliokidea. Kargu guztiak derrigorrezkoak dira.

IZENDAPENAK JAKINARAZTEA

Martxoaren 10etik aurrera, asteartea, zozketan izendatutako pertsonek jakinarazpenak jasotzen hasiko dute etxean. Horrekin batera, presidente edo bokal gisa izango dituzten funtzioak jasotzen dituen gidaliburu bat bidaliko zaie, Hauteskunde Batzordeak gainbegiratua eta Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartua.

Jakinarazpena emateko lehen saiakeran interesatua etxean ez badago, bigarren bisita bat egingo zaio egun eta ordu desberdin batean. Bigarren saiakeran ere etxean egongo ez balitz edota interesatuak jakinarazpena jasotzeari uko egingo balio, emate-agiria utziko zaio postontzian eta izendapena eta hauteskundeei buruzko dokumentazioa jasotzeko egun bateko epea emango zaio. Guztia Abiapuntu bulegoan jaso beharko du.

Behin aipatutako epea pasa eta gero, Durangaldeko Hauteskunde-batzordeari jakinaraziko zaio, hauteskunde-delituaren bidezko prozedurari hasiera eman diezaion.