Maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik

Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea ireki da Ermun

24.02.2020 | 15:06

ERMUA. Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskatzeko epea ireki da Ermun, eta maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik. Horri buruz informazioa zabaltzeko, ostegun honetan, hilak 27, arratsaldeko 17:00etan, hitzaldi bat eskainiko dute Lobiano Kultur Gunean.

GLLen inguruko informazio hitzaldia

Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak beharrizan jakinei aurre egin ahal izateko aldizkakotasunik gabeko diru-laguntzak dira. Hipoteka, alokairua, etxebizitza mantentzeko lanak, oinarrizko etxetresna elektrikoen konponketa edo erosketa, elikagaien, betaurrekoen eta audiofonoen erosketa edo adingabeentzako dentista gastuak ordaintzeko erabiltzen dira Gizarte Laguntzok.

Helburu nagusia adinekoen pobrezia energetikoari zein haurren pobreziari aurre egitea da. Bestalde, gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo saihesteko beharrezkoak diren gastu espezifikoak ordaintzeko baliabide nahikorik ez duten pertsonak eta familiak gizarteratzen laguntzen dute. Azken batean, herritar guztientzat eskuragarri dauden laguntzak dira, eta araututa daude.

Epea zabalik maiatzaren 29ra arte

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 29ra arte dago zabalik, eta onartutako laguntzek atzeraeragina izango dute urtarrilaren 1etik aurrera. Aldiz, eskaera ekainaren 1etik azaroaren 30era bitartean aurkezten bada, oro har, eskabidea aurkeztu eta hurrengo hilabetetik aurrera emango dira laguntzak.

Aurreko urtean etxebizitza mantentzeagatik, alokairuagatik eta hipoteka-kredituagatik laguntzak jaso dituzten pertsonek eskabidea Abiapuntun (Konbentukoa, 3) entregatu ahal izango dute, aurretiko hitzordurik eskatu gabe. Gainontzeko eskaerak, aurrez hitzordua eskatuta, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (Erdikokale, 21) entregatu beharko dira.

GLLen eskakizunei eta aurkezteko moduari buruzko informazio guztia lerro hauetan erantsi dizuegun eskuorrian kontsulta daiteke.

noticias de deia