ERMUA. Iazko abenduan martxan jarri zen 'Laneratzen' izeneko lanerako prestakuntza-programan 14 ikasle ari dira parte hartzen dagoeneko. Proiektua Ermuko Udalak sustatu zuen, Lanbide eta Eibarko Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearekin batera, eta kurtso honen xedea ikasturtea amaitzean elektrodo estali eta TIG bidezko soldadura espezialitatearen barruan sei homologazio lortzea da.

Proiektu Singularrak pertsona langileak gizarteratzeko edo euren enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak dira, eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin hainbat esku-hartze mota bateratzen edo koordinatzen dituzte. Kasu honetan, Lanbidek eta Ermuko Udalak kofinantzatzen dute ekimena, eta guztira 114.468 euroko aurrekontua du: Lanbidek 70.418 euro jarri ditu, eta Udalak, aldiz, 44.050 euro.

Egitasmo honen helburua lana aurkitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei tresnak eskaintzea da, gaitasunetan eta jarreretan oinarritutako zeharkako prestakuntza emanez. 8 gizon eta 6 emakumek osatzen dute Laneratzen programako ikasle-taldea: 11 ermuar eta 3 eibartar. Adinari dagokionez, 25 urtez azpiko bi gizonezko daude, 25 eta 44 urte arteko sei pertsona eta 45 urtetik gorako sei gizon-emakume. Partaideen erdiak Bigarren Hezkuntzako ikasketak ditu, eta unibertsitateko titulazioa duten lau pertsona ere badaude taldean.

Programa lau fasetan banatzen da: lehenengo etapan, Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartea Debabarrenako hainbat enpresatan izan da, haien eragin-eremua ezagutu eta kontrataziorako dituzten beharrak identifikatzeko. Eskualdeko enpresa industrialei formazio programa aurkezteko aukera izan du elkarteak, prestakuntza hobeto moldatu eta enpresak kontzientziatu ahal izateko.

Abenduan hasi eta egun jarraitzen duen bigarren fasean, ikasleek zeharkako gaitasunetan formazioa jasotzen dihardute, hala nola, ekintzailetzan, autoenpleguan edota planoen interpretazioan. Azken bloke horri buruzko formazioa hasi dute duela gutxi.

Hurrengo fasean, gaitasun teknikoetako formazioa eskainiko da, zehazki, elektrodo estali eta TIG bidezko soldadura espezialitatean; izan ere, eskualdeko enpresetan beharrezkoa den eta asko eskatzen den formazio gisa identifikatu da. Guztira 640 orduko formazio teorikoa eta 40 orduko lan praktikak izango dituzte ikasleek -azken atal horretan, 400 euroko beka jasoko dute desplazamenduetarako-. Bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko aukera izango dute horrela, eta gainera, emaitzarik onenak lortzen dituztenen artean, 6 soldatzaile homologazio eskainiko dira.

Laugarren eta azken fasean lan-aktibazioan eta laneratzen laguntzean oinarrituko da, eta ikasleek lan-merkatuan sartzeko laguntza izango dute, lan-poltsekin eta banakako aholkularitzarekin, besteak beste. Nabarmentzekoa da prestakuntza osoan zehar orientazio, aholkularitza eta jarraipen zerbitzua ere izango dutela euren eskura.