Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, hasiera eman dio Una voz para Erauso erakusketari. Trans denbora baterako epilogoa martxoaren 10ean inauguratuko da. Hain zuzen ere, erakusketa Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) talde artistikoarena da eta Paul B. Preciadok komisariatu du eta irailaren 25era arte egongo da zabalik.

"Una voz para Erauso" proiektuak kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garikideak harremanetan jartzen ditu. Diziplina arteko lanaren bidez, Cabello/Carceller-ek instalazioa, performancea, fikziozko kontakizuna eta bideoa erabiltzen ditu, praktika bisualetako irudikapen-modu hegemonikoei buruz galderak egiteko eta alternatiba kritikoak proposatzeko.

Artistek aurkitu zuten erretratu liluragarri bezain ezohiko bat da proiektuaren abiaburua: Juan van der Hamen-ek (ziurrena) Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako Katalina Erausori 1626an egin ziona, gaur egun Kutxa bildumakoa dena. Erauso 1592an jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu, eta Katalina izena eman zioten. Sarritan "moja alferez" izenez da ezagunagoa, neurri batean, bere autobiografiari esker, hor, "gizon gisa jantzita" komentutik ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu baitzituen, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizatutako lurretan ibili zenarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán€eta Antonio Erauso izenak hartuta).

"LEHEN TRANS ERRETRATUA"

Erakusketaren komisario Paul B. Preciadok nabarmendu duenez, "gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu "trabestitzat" har datieke", nahiz eta nozio hori anakronikoa iza, XVIII. mendera arte ez baita existitzen.

Baina, argitzen duenez, Erauso, bere erretratua bezala, itzalak dituen irudi bat da. "Olio-pinturaren atzealde beltz-beltzean aurpegi zorrotz bat agertzen da, baina begirada kezkagarriki gozoa duena, eta, hala, ez dago aukerarik maskulinotzat edo femeninotzat jotzeko. Alabaina, maputxeen genozidioan inplikatuta egon zenez eta merkatu kolonialean izan zuen jarreraren ondorioz, figura deserosoa da trans historian". Horregatik, argi-ilunarena da erakusketaren estetika, Erausoren erretratuarena bezala.

Cabello/Carceller-ek Erausoren "erretratu" berri bat egin dute proiektu artistiko honetarako, eta trans pertsonaia berrien galeria batek interpelatzen du. Azkuna Zentroak ekoitzitako ikus-entzunezko lan hau Doxa Produkzioak-ekin filmatu da, Alberto sin Patrón izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Erakusketa erretratuen galeria analogiko-digital gisa eraiki da, non Erausok (bai 1626ko erretratu historikoak eta kopia, bai Cabello/Carceller-en erretratu berria) Cabello/Carceller-en aurreko lanaren beste irudikapen batzuekin bat egiten duen, besteak beste, lan hauekin: Autorretrato como fuente, 2001ekoa, Archivo: Drag Modelos (2007 - prozesuan), Movimientos para una manifestación en solitario (2021) eta Lost in Translation_un poema performativo (2016).

Erakusketa-proiektua osatzen da jardueren programa publiko batekin, erakusketaren katalogoarekin eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita-tailerren hezkuntza-programa batekin.