BilbaoDendak eta Kutxabankek tokiko negozioaren lehiakortasun digitalaren aldeko lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute. Horretarako, hitzarmenean hainbat neurri ezartzen dira "egoera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzen ari den testuingurua aprobetxatzen laguntzeko". Rafael Gardeazabal Bilboko merkataritza eta turismoa sustatzeko plataformako presidenteak eta Xabier Solaeche Kutxabankeko Bizkaiko Txikizkako Sareko zuzendariak sinatu dute akordioa. Gogoratu dutenez, urte hau funtsezkoa izango da normaltasunera itzultzeko eta sektorea behin betiko suspertzeko.

Sektoreak aurre egin beharreko erronketako bat bere negozioen iraunkortasunari eustea da digitalizazio handiko ingurune batean, non urruneko salmentak gehiago zabaldu diren pandemiak eragindako kontsumo-ohitura berrien ondorioz.

Hori dela eta, bi aldeek irtenbide espezifikoak ematea adostu dute, bezeroekiko komunikazio- eta salmenta-kanal berriak bultzatzeko, negozioetarako diseinatutako tresnen bidez, baita ordainketa digitaleko sistema berriak ere.

bilbaoDendak elkarteko lehendakaria den Rafael Gardeazabalen iritziz, kontuan izan behar da “Bilboko merkataritza eta ostalaritza funtsezko sektore ekonomiko bat direla hirian, aberastasuna, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen dituela, iraunkortasunaren ikuspegiarekin”; horregatik, funtsezkotzat jo du “Kutxabankek gure kontsumitzaileekin konektatzeko neurriak eskaintzea, bezero esperientzia hobetuz”.

Xabier Solaecheren arabera, pandemiak erakutsi du “0 km-ko merkataritzaren digitalizazio-prozesuak ere abantaila handiak eskaintzen dizkiola kontsumitzaileari, horrela betiko konfiantza eta segurtasunarekin erosten jarrai dezakeelako -eta jarraitu nahi duelako-, betiko establezimenduetan, eta orain edozein tokitatik, gainera”.

Salmenta arin, berehalako eta erosoa egiteko formula berriak

Sinatutako hitzarmenak salmentak errazteko tresnak finkatzen ditu, eta horien artean ‘Kutxabank Bizum Negozioak’ sistema, Bizum ordainketa-plataformaren teknologian oinarritua, nabarmentzen da. Finantza-erakundearen irtenbide aitzindari honek aukera ematen die saltokiei eta profesionalei hilean eragiketa-kopuru mugagabea egiteko, erosketa bakoitzeko gehienez 10.000 euroko zenbatekoarekin. 'Kutxabank Bizum Negozioak' aurrez aurre edo urrunetik kobratzeko erabil daiteke.

bilbaoDendak osatzen duten bazkideen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, Kutxabankek beraien esku jarriko du Saltegi Kredituak barne hartzen dituen finantza-produktuen eskaintza zabala. Banku-taldearen kontsumorako maileguen dibisioak (Kutxabank Kredit) azken bezeroari aukera ematen dio erosketak Saltegi Kredituaren bidez finantzatzeko; horren ezaugarri nagusia da izapideak eta paperak alde batera uzten dituela eta establezimenduan bertan egiten dela.

Era berean, elkartutako saltegien eskura jartzen du ‘plazox’, txartelarekin egiten diren erosketak zatikatu egin daitezkeelarik ordainketaren unean, oso modu errazean.

Eskaintza osatzeko, negozio hipoteka-mailegua dago, negozioak ezarriko diren higiezinak erosteko, edo negozio mailegua, zirkulatzaile-premiei erantzuteko edo ekipamendu profesionalaren erosketa finantzatzeko, altzariak, makinak, … garraio-elementuekin batera.

Halaber, bilbaoDendak osatzen duten negozioek, beren negozioen eguneroko kudeaketa errazteko bereziki diseinatutako produktuak izango dituzte, hala nola Negozio Kontua eta arrisku anitzeko asegurua, bereziki merkataritza-establezimenduetara bideratua, baita kolektiboko negozio eta saltegientzat, renting eran, ibilgailuen eskaintza lehiakorra ere.

Finantza-abantaila ugariekin batera, bilbaoDendakek sustaturiko enpresa-sustapen eta -animazioko ekimenei laguntzeko ildoak mantentzen ditu akordioak, hala nola merkataritza sariak edo ‘Hemengo Shopping’ proiektua. Era berean, hondakinak bereizi eta birziklatuz ingurumen-sentsibilizazioko kanpainak sustatuko dira, baita negozioen lehiakortasun digitala hobetzera bideratutako jarduerak ere.