Datorren ostegunean, urtarrilak 13, hasiko da Bilboko Zirkuituaren edizio berria Errekaldeko Udal Zentroan, Alex Quirogaren "El Actor" obrarekin. Ekimen aitzindaria eta bakarra da bere generoan Euskadin, eta aukera ematen du sortzaile eta antzerki- eta dantza-talde berriek beren lanak publikoari hurbiltzeko. Zehazki, programa honek Bizkaiko 10 konpainiaren 17 emanaldi hurbilduko ditu doan auzo ezberdinetara.

Beraz, maiatzaren 12ra arte, Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan eta Solokoetxeko institutuan 10 konpainiaren proposamenak ikusiko ditugu: Álex Quiroga; Goi Dance Project; 29 Producciones; Cuatro Cajas: Luciérnagas Voladoras; Hamaika Teatro; Alopargo; Jyt Kreaktibos - T.A.B.Ú; Las Paralelas; eta Ibilka Teatro. Guztiak dohainik.

Denboraldi berri honetan, Bilbao Eszenan (Bilboko Udalaren arte eszenikoetako eta dantzako prestakuntzako eta sormeneko espazioan) entseatzen duten konpainiak nabarmendu behar ditugu. Konpainia horiek 2021eko lana erakutsiko dute Bilboko Zirkuituan.

Goi Dance Project konpainiak Koreako pop kulturako zenbait kantaren bilduma aurkeztuko ditu, Goi dantza-taldeko dantzariekin. Goi Dance Project dantza-talde bat da, Koreako pop-a lantzen duena, eta Kpop izenaz ezagunagoa dena. Egiten dituzten bertsioen dantzari nahiz interpretazioari ematen diete garrantzia.

29 Producciones eta Ibilka Teatro taldeek ere euren proiektuak erakutsiko dituzte. 29 Producciones taldeak “Peter Pan: Hasta Siempre Jamás” antzezlana ekarriko du Bilboko Zirkuitura. 29 producciones antzerki- eta zinema-konpainia bat da, Ainize Basalok eta Aitor Martínek sortua, eta gai sozialak jorratzen dituzte.

Bestalde, Ibilka Teatrok “Hoy no salgo” antzeztuko du. Haien lehen obra da; bertan, antzerkiko aktore gazte batek beldur eszenikoko krisi latza bizitzen du, noiz eta agertokira irten behar duenean.

Bilboko Zirkuituaren denboraldi honetan daude, halaber, Las Paralelas. Programaren aurreko edizioan “Miss Spain” lana ekarri ziguten. Oraingoan euskarazko bertsioa ekarriko digute, Miren Argiren monologo baten inguruan, Miss World galarako zein prestatuta dagoen azaltzeko egingo duena.

Azkenik, JYT Kreaktibos - T.A.B.Ú. konpainiak eta “A morir por la silla de ruedas - ¿A que no S.O.S capaz?” emankizuna aipatuko ditugu. T.A.B.Ú. antzerki inklusiboko taldea 2016an jaio zen FEKOOR-en (Ezintasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazioa). Adriana Pérez, Rubén Mateos eta Yeray Gómez dira partaideak (azken hori laguntzaile pertsonala da federazioan, eta gainera aktore profesionala da).

BABESA SORMENARI

Bilboko Zirkuituak helburu bi ditu: bertoko eszena bultzatzea eta antzerkia uriko auzoetara hurbiltzea. Gainera, programa honen bidez, antzerki- eta dantza-talde berriei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Modu berean, berton sortzen diren proposamen berritzaileenak ikusteko aukera ematen du.

Udal programa honek, bestalde, uriko kultur eskaintza deszentralizatu gura du; denborarekin, ia auzo guztietara zabaldu da. Duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri zenetik, eskaintza handituz joan da, emanaldi gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara iritsiz.

Bilboko Zirkuitua ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadin bere arloan. Gainera, asko dira urte horietan guztietan eremu profesionalera salto egin duten konpainiak.