Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izango da ordezkaritzaren burua urtarrilaren 11n eta 12an San Lucas Sacatepéquezen egingo diren jardunaldietan parte hartuko duena. Helburua da Bilboko Udalaren indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako udal-politika bertan daudenekin partekatzea. Gainera, bidaia honek Udalak diruz lagundutako proiektuen jarraipena egiteko balioko dio udal taldeari.

Programari hasiera emateko, topaketa feminista bat egingo da. Gero, “Emakumea eta indarkeria” mahai-ingurua egingo da, Amaia Domingo Berdintasun Saileko arduradunaren eskutik, eta amaitzeko "Emakumeak eta indarkeriak" lanerako eta taldeko gogoetarako mahaia egingo da. Biharamunean, urtarrilak 12, udal arduradunek Hijas de San José kontsultategiko klinika mediko eta oftalmologikoa bisitatuko dute. Gainera, emakume gazte antolatuen sarearentzako ekipamenduko instalazioak bisitatuko dituzte Coatepeque-n (Mexikoko mugatik hurbil, Erdialdeko Amerikatik Estatu Batuetara doazen migratzaileen karabanen bidean). Instalazio horiek heldurik gabe dauden neskatoen harrera-lekua ere izango dira.

Guatemalara bideratu du, urteetan, bere lankidetza-lanaren zati handi bat Bilboko Udalak. Azken lau urtean (2018-2021) 1.145.000 euro igorri ditu herrialde horretako proiektuetara. Hain zuzen ere, 2021eko ekitaldian Udalak bi proiektu handi egin ditu han berdintasuna bultzatzeko, baita genero-indarkeriaren aurkako programak ere. Asmoa da indarkeria matxistaren emakume bizirauleak gizarteratzeko tokiko sareak sortzea San Lucas Toliman herrian, eta emakumeen eta tokiko erakundeen artikulazioa sendotzea berdintasunaren aldeko borrokan eta giza eskubideen aldeko defentsan San Lucas Sacatepequezen. Horrez gain, ur eta saneamendu proiektuak bultzatu dira Euskal Fondoarekin batera Vera Paz departamentuan.

Modu berean, udal ordezkaritzak Erdialdeko Amerikako herrialde honetara egingo duen bidaia aprobetxatuko du Bilboko Udalak, diruz lagundutako proiektuak identifikatu eta beraien jarraipena egiteko, eta Bilboko Udalaren inbertsioa bideratzen den lurraldeetako arduradun politikoekin lan-batzarrak egiteko.