Mercabilbaok ostiral honetan jakinarazi duenez, aurten eta hil honetan datu historikoak lortzea aurreikusten dute. Zehazki, abenduan ia 22.000 tonako merkaturatzea espero dute, "Elikagaien hiri handiaren 50. urteurrenarekin bat etorriko dena", Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Merkataritza eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez. Adierazpen horiek komunikabideei ateak ireki ohi dizkietenean egin dira.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziak eta Aitor Argote Ibáñez Mercabilbaoren zuzendari nagusiak gidatu dute bisitaldia Basauriko instalazioetan zehar; hain zuzen, ekitaldi honetan bertan betetzen dute 50. urteurrena. "Ikustaldi honetan -esan dute- bertatik bertara ikusiko dugu zer lan egiten duten enpresa handizkariek eta xehekariek eguneko lehenengo orduetan, produktuak saltokietara garaiz eta freskorik irits daitezen".

Ochandianok azaldu duenez, merkaturatze-aurreikuspena, abendurako, goranzkoa da, eta uste da salmenta 21.900 tona ingurukoa izango dela; hau da, urteko salmenten % 10 baino gehiago . Atzera ere, datu historikoetara iritsi gara, eta urtetik urtera handiagoak dira, gainera, itsasoko eta lurreko produktuen pabiloietako salerosketak Gabon aurrean biziagotu egiten direlako.

Elikagaien unitatean jarduten diren enpresa handizkariek erritmo onean eusten diete salmentei, eta pandemiaren hasieratik ezarritako neurri sanitario guztiak betez, gainera. Alde horretatik, sektorerik sektore joanez gero, arrainen eta itsaskien sektorean 2.300 tona inguruko merkaturatzea espero da, hau da, urteko merkaturatze osoaren % 14, gutxi gorabehera.

ESKAERA HANDIENA DUTEN PRODUKTUAK

Eskaera handiena duten produktuak, garai hauetan ohikoenak: itsaskia eta arrain fina (hots, legatza, bisigua eta lupia).

Fruten eta barazkien merkatuan, 2021eko azken hilabete honetarako aipatzen diren datuen arabera, kalkulatzen da 19.600 tona merkaturatuko direla orotara, hau da, urteko salmenten % 8 inguru. Eskaera handieneko produktuak urte osoan ere ohikoak dira: banana, fruta tropikala, anana, papaia, mahatsa, sagarra edo laranja, eta, horiez gain, Gabonei zapore ematen dietenak, hala nola mahaspasak, mertxika-zati idortuak, pikupasak edo intxaurrak.

Abenduan, Mercabilbaon jarduten diren enpresek "urte osoko fakturazioaren % 16 inguru izaten dute jokoan, eta Gabonetako data seinalatuenak iritsi ahala, are eta gehiago", adierazi du hornidura-zentroaren zuzendari nagusiak.

GUZTIRAKO MERKATURATZEA AZAROAREN 30EAN

2021eko abenduaren 30ean, merkaturatze-datuak 235.177 tonaraino iritsi ziren, guztira; zifra hori 2020an garai berekoa baino handixeagoa da, batez ere fruta eta ortuarien salmenta handiagoagatik.

Garairik bizienak, sektorerik sektore, udaberria izaten da lurreko produktuetan, "hezurdun frutak" deritzenen kontsumoa dela-eta. Itsasoko produktuen sektorean, ostera, apiriletik ekainera arteko hilabeteak izaten dira salmenta handienekoak, antxoaren arrantzaldia izaten delako, eta ondoren Gabon aurreko garai hau.

Aurten, oraindik ere pandemia gainetik kendu ezinik gabiltzala, Basauriko instalazioetan ari diren pertsonen osasuna da lehentasuna.