Bilboko Udalak aste honetan jakinarazi duenez, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-plan bateratu bat jarriko dute abian larunbat honetan, ebasketak eta lapurretak saihesteko. Zaintza merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan egingo da, hala nola Abandon, Alde Zaharrean, Indautxun eta Boluetan. Urtarrilaren 16ra arte luzatuko den dispositibo hau COVID-19aren aurkako osasun-neurriak betetzera bideratuta egongo da.

Kontuan hartuta ezen ondarearen kontrako delituak Bilbon jazotzen diren delituen % 85 direla, eta, zehazki, ezen, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erregistratzen dituzten delituen artean, ebasketak % 75 inguru direla, bi polizia kidego horiek lanean ari dira elkarrekin urte osoan, ahalik eta delitu gutxien egon dadin. Polizien arteko lan eta koordinazio hau areagotu egiten da urteko une jakin batzuetan, hala nola abuztuan, abenduan eta urtarrilean.

Izan ere, egiaztatuta dago bi garai hauetan gehitu ohi direla delitu mota horiek: abuztuan, Aste Nagusia ospatzen den bitartean, diru-zorroak eta telefono mugikorrak jabeen ustekabean ebastea gehiagotan gertatzen delako, eta abenduan eta urtarrilean, Gabonetako kanpainagatik eta merkealdiagatik, ebasketa gehiago gertatzen baitira bai saltokietan, bai kalean.

Delitu mota horien egileek erosten ari den jendetzaren artean hartu ohi dute babes, edo garai horretan egiten diren ekitaldietan eta enpresa-bazkari eta -afarietan.

2020an bezala, 2021ean ere, egoera sanitarioak, orain arte, behartu gaitu zenbait ekitaldi jendetsu bertan behera uztera (Aste Nagusia, Santo Tomas); beste jarduera batzuk, ostera, egin egingo dira, eta, dudarik gabe, jendetza handiak bilduko dituzte (ostalaritzan, Gabonetako erosketetan, merkealdietan...).

Hori dela eta, poliza-prestamen elkarrekiko hau bihar hasi eta datorren urtarrilaren 16ra arte egongo da indarrean, eta beraren bitartez, zainketa bereziak egingo dira neurri sanitarioen inguruan, koronabirusaren hedatzea kontrolatzeko.

ELKARREKIKO PRESTAMENA

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdietarako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, bi poliziek urtero-urtero berritu izan dute, eta oso emaitza onak izan ditu, bere azken xedea erdietsiz, alegia, Bilbon ebasketa eta lapurreta kasuak ez daitezela horrenbeste gehitu, edo, bederen, beren horretan eustea.