Zein izan da hirietako erresilientzia digitala koronabirusak sortutako pandemiaren aurrean? Galdera horri erantzuten dio Bilbok bere laugarren edizioan, Smart Cities Study, gidatutako ikerketak. Azterlan hori CGLUren Hiri Digitalen Komunitate Praktikoaren barruan dago, eta ondorioen artean nabarmentzen du hirien eraldaketa digitalaren prozesua funtsezko tresna dela etorkizuneko krisien aurrean erresilientzia lortzeko.

Lanaren helburua hirukoitza izan da: alde batetik, hirietako pandemia aurreko egoera ezagutzea, beren digitalizazio-maila eta izandako «smart» baliabide eta tresnak identifikatuta; beste alde batetik, aztertzea bai pandemiak tokiko gobernantza-eremuetan izandako eragina, bai zer neurri edo tresna «smart» berri erabili diren sortutako ondorio negatiboei aurre egiteko, eta, horren bidez, zehaztea jarduketa horiek zein mailatan lagundu duten hirien erresilientzia areagotzen; eta, azkenik, baloratzea ea neurri eta tresna berriak zein mailatan diren erabilgarriak, etorkizuneko krisiei aurre egiteko.

Horrez gain, azterlanak ezagutza-trukea sustatu nahi du, hiriek garatutako jardunbide egokiak barne hartuta.

Europako, Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako 35 hirik hartu dute parte ekimenean. Horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke: Ostend (Belgika), Lappeenranta (Finlandia), Utrech (Zeelanda Berria), Mexiko Hiria (Mexiko), Kordoba (Argentina), Izmir (Turkia), Bogota (Kolonbia), Sao Paul (Brasil), Seul (Korea) edo Xi´an (Txina).

Lanaren ardatza sei eremu aztertzea izan da. Sei eremu, non jotzen den, batetik, tresna digitalak erabiltzea funtsezkoa izan dela koronabirusaren inpaktuari erantzun eraginkorra emateko, eta, bestetik, tresna horiek balio izan dutela erresilientzia handitzeko, gaur egungo egoeran. Horrenbestez, honako eremu hauek izan dira azterlanean jorratutakoak: mugikortasuna eta garraioa, zerbitzu publikoak, eragiketa instituzionalak, herritarrekiko harremanak eta herritarren parte-hartzea, ekonomia, hezkuntza eta prestakuntza.

AZTERLANAREN ONDORIOAK

Azterlanean parte hartu duten hiriek uste dute «Smart City» bihurtzeko eraldaketa-prozesua funtsezko tresna dela etorkizuneko krisiei aurre egiteko erresilientzia lortzeko. Azpimarratu dute digitalizazio-prozesu horiek herritar guztiak kontuan hartu behar dituztela, eta eragotzi behar dutela politika publikoen eraldatze digitalaren ondorioz politika horiek iritsezin bihurtzea zaurgarritasun-egoeran daudenentzat. Eta gaineratu dute eraldatze horrek kontuan hartu behar dituela oinarrizkotzat jotako eskubide digitalak, COVID-19aren osteko susperraldia inklusiboa eta erresilientea izan dadin.

Beste ondorio bat izan da tresna digitalak erabili direla hirien eskumen-eremu guztietan, eta «smart» baliabide eta lanabesak aurretiaz edukitzeak ahalbidetu duela pandemiari modu eraginkorrago eta efizientieagoan erantzun ahal izatea.

Hiriek uste dute hartutako neurriek, oro har, gobernantza-eremu desberdinen erresilientzia asko edo dezente hobetzeko balio izan dutela, eta horrek indartu egin duela eraldatze sakonak egiteko borondatea, neurri horiek etorkizuneko agertokiei erantzuteko duten erabilgarritasuna ikusita.

Azterlanak adierazten du gobernantza-arlo guztiek COVID-19aren pandemiaren eragin ertaina, handia edo oso handia izan dutela, eta ekonomia nabarmentzen dela, argi eta garbi, beste guztien gainetik. Koronabirusaren inpaktuari tresna digitalen bidez hoberen aurre egin dioten arloen artean, berriz, Zerbitzu publikoak eta Hezkuntza eta prestakuntza nabarmentzen dira.

Azkenik, parte hartu duten hiriek adierazi dute tresna berri sorta zabala erabili dutela, eta horietako batzuk erabiltzen jarraitu ahal dela, pandemiaren osteko suspertzearen ondoren ere.

Azterlana gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri, hemen: CGLU, Hiri Digitalen Komunitate Praktikoa.