Bilboko Udaltzaingoaren hogeigarren promozioko 67 kideei harrera egin die Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Miribillako polizia-instalazioetan egindako ekitaldian. Amaia Arregi Herritarren Segurtasunerako zinegotzia ere izan da ekitaldian, promozio berria osatzen duten 18 emakume eta 49 gizonei ongietorria emateko. Alkateak esan du promozio hori "gorputzaren etorkizuna" dela.

“Zuek Bilborentzat nahi dugun gertuko polizia zarete, herritarrengandik hurbil dagoena. Eta, zuen inkorporazioarekin, Segurtasun Ituneko konpromisoak betetzen jarraituko dugu. Izan ere, Itunak gertuko poliziaren eredua defendatzen du, kalean herritarren artean dabilena, eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren, prebentzioaren eta bitartekaritzaren apustua egiten duena. Bilboren segurtasuna zuen esku ere dago orain. Eginkizun delikatu bezain garrantzitsua da. Baina konfiantza osoa dugu zuen kemenean, dedikazioan eta hurbiltasunean”.

Bestalde, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak gogora ekarri du “Bilboko Udaltzaingoaren historian emakume gehien duen promozioa dela hau”, eta agente guztiei eskatu die “egunero ahalegintzeko, ilusioa ez galtzeko, eta Bilborekin eta bilbotarrekin hartutako konpromisoa ez ahazteko”.

67 udaltzain berri horietatik 18 emakumeak dira eta 49 gizonak. Nabarmendu beharra dago emakumeen portzentajea aurreko promozioan (2019an) % 19 izan zela eta 2021ean % 27. Agente berrien batez besteko adina 33,5 urtekoa da: zaharrenak 44 urte ditu eta gazteenak 23.

Formazio aldetik ere badira desberdintasunak. 14 lagun lizentziatuak dira, 20 graduatuak, 7 diplomadunak, 12k gainditua daukate goi batxilergoa, eta 14k LHIIko adarren batean edo bestean egin dituzte ikasketak. Gainera, ia % 100 dira euskararen hizkuntza-eskakizunen bat daukatenak: 32k C1 egiaztatu dute, eta 34k B2.

Haietako 50ek Arkautin oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroa bukatu berri dute. Gainerako 17ek ez dute egin behar izan, baliozkotuta daukatelako (hau da, aurretik gainditu zuten, Euskadiko udaltzaingoren batean edo Ertzaintzan sartzeko). Horiek joandako otsailaren 23an hasi ziren praktiketan.