Bilboko Udalak aurrekontua handituko du datorren ekitaldiari begira. Konkretuki aurten baino % 8,1 handiagoa izango da 2022an; gaur goizean, azaroak 29, 633.150.000 eurokoa izatea onartu baita 2022rako Udal Aurrekontuen Proiektuaren hasierako onarpenerako osoko bilkura berezian.

Oraingo honetan, eta ia bi urtez covid-aren astinduei aurre egiten ibili ondoren, aurrekontuak hiru helburu nagusi hartu ditu ardatz nagusi gisa: gizarte-kohesioa eta herritarren ongizatea hobetzea; ekonomia suspertzea eta eta enplegua berreskuratzea sektore guztietan, eta inbertsio-ahalegin handia egitea auzoak hobetzeko eta uri osoan proiektuak garatzeko.

Ekitaldi honetan baino 47 milioi euro gehiagoko igoerak esan nahi du ia zinegotzi guztiek baliabide gehiago izango dituztela urian erabiltzeko, eta inbertsio publikoaren aldeko apustu sendoa egingo dute, guztira 115 milioi euro jarri baitira horretarako (2021ean baino 32,5 gehiago).

Nabarmentzekoa da, halaber, auzoetako inbertsioetarako aurrekontuaren gorakada, aurten 39,5 milioi eurokoa izatetik 50 milioi eurokoa izatera pasatuko baita, eta oinarrizko zerbitzu publikoak (argiztapena, zaborrak, saneamendua …) 299 milioi euro izango dira (2021ean 266 milioi euro izan ziren).

URIRAKO PROIEKTUAK

Aurten ere, betiere zuhurtziaz eta arduraz jokatuta, hainbat proiektu estrategiko aurreikusi dira, baina berriro ere zero zorrari eurtsiz eta kontu saneatu eta errealistak erabiliz. 2022an garatuko diren ekintzen artean hauek daude, batzuk aipatzearren: Zorrotzaurre; Artxanda zabaltzea eta biziberritzea uriaren birika izan dadin; Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitzeko eta hobetzeko obrak finantzatzea; Haurreskola gehiago eraikitzea; enplegu-plan berriak, gizarte-politikak (adinekoak …) eta berdintasunekoak; ekitaldiak; merkataritzari eta uriko enpresa berriei laguntzea; auzoak hobetzea (Basarrate landa…).

Gaurko eztabaida saioa amaituta, oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota ondoren,aurrekontu berria onartu dute; hala ere, Udal Gobernua osatzen duten taldeak (EAJ/PNV eta PSE), berriz, taldeek egindako 34 zuzenketa onartu ditu, guztira 1.278.000 eurokoak.

EH/Bildutik 10 zuzenketa onartu dira (535.000 €), besteak beste, gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko jarduerak, bideojokoen eta ludopatiaren prebentziorako kanpainak, hezkuntzan laguntzeko programak, etorkinentzako euskara-ikastaroak eta energia-gastuetarako laguntza bereziak.

Elkarrekin/Podemos alderdiaren 10 zuzenketa onartu dira (385.000 €), laguntza humanitarioak eta larrialdikoak emateko, merkatuak sustatzeko, biktima diren emakumeei arreta emateko, hezkuntza bultzatzeko, bizikletak erosteko …

Azkenik, PPren beste 14 onartu dira, guztira 358.000 euroko baliokoak. Besteak beste, hauek onartu dira: gizarte-larrialdietarako laguntzak handitzea, Bilboko merkataritzan moda sustatzea, Hiesaren aurkako Batzordeari laguntzea eta Zorrotzako zamaketa-garabia zaharberritzea.

Azken irizpenak argi berdea eman die 2022ko ekitaldiko kontuei, eta gehiengo osoz onartu dira, gobernu taldea osatzen duten alderdi politikoen aldeko botoekin eta oposizioko alderdi politikoen aurkako botoekin.

Eztabaidako eta onarpeneko jardunaldi horren ondoren, abenduan egingo den beste osoko bilkura berezi batean berretsi beharko da aurrekontua, eta izapide hori nahitaez bete beharko da, urtarrilaren 1etik aurrera, datorren urtean udalaren jarduna arautuko duten kontu berriak abian jartzeko.