Bilboko Udalak iragarri du bigarren alarma-egoeran ezarritako zehapenengatik ordaindutako zenbatekoak itzuliko dituela. Alarma 2020ko urriaren 25ean onartu zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte egon zen indarrean. Zehazki, gaueko ordutegian zirkulazio-muga ez betetzeari, lurralde-mugikortasunari eta pertsonak elkartzeari buruzkoak erreklamatu ahal izango dira.

Horrela, bada, isun horietako bat ordaindu dutenak harremanetan jarri beharko dira Herritarren Segurtasun Sailarekin, expedientes-sanciones.ssc@bilbao.eus, eta honako datu hauek eman beharko dituzte:

  • Espedientearen edo ordaindutako ordainagiriaren zenbakia.
  • Arau-hauslearen NAN/AIZ/PASAPORTE zenbakia.
  • Itzulketa egiteko kontu-korrontearen zenbakia (IBANa barne)<.
  • Hori guztia ez da beharrezkoa izango zehapenaren ordainketa zatikatu dutenentzat, edo zehapena, osorik ala zati batean, betearazpen-bidetik kobratu zaienen kasuan, Udalak dagoeneko badituelako beren datuak.

Bigarren alarma-egoera 2020ko urriaren 25ean ezarri zuten, eta indarrean egon zen 2021eko maiatzaren 9ra arte. Aldi hartan zehar, Bilboko Udaltzaingoak 4.610 zehapen jarri zituen. Horietako 1.222 ordainduta zeuden jada.

Bestalde, lehen alarma-egoerako isunak ordaindu, eta, orain arte, Udala haiekin harremanetan jarri ez den pertsonek bide bera erabili ahalko dute. Aldi hartan, Bilboko Udaltzaingoak 4.449 zehapen-proposamen egin zituen. Neurria baliogabetu arte, Segurtasun Sailak 2.831 espediente ireki zituen (zeinetatik 2.558 kasutan zehapena jarri baitzen, eta 273 kasu artxibatu egin baitziren), eta 596 ordainduta zeuden dagoeneko.