Ostiral honetan, azaroak 11, Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan egingo diren Artxandako begiratokian sei kilometroko pasealeku berri bat eraikitzeko lanak, Deustu eta Egirleta lotuko dituena. Obra horien helburua begiratokiaren ingurua eraldatzea eta berritzea da.

Zehatz esateko, ostegunean hasi ziren lanen xedea da egungo BI-3741 errepidea hiri-espazio bihurtzea, oinezkoentzako ibilbide segurua izango duena eta atsedenerako leku eta begiratoki berriak. Ibilbide berri hau Artxandan dauden lursail, instalazio eta ekipamenduetara (eta izango direnetara) sartzeko bidea izango da, eta, gainera, erlaitz gaineko pasealeku bat sortuko da oinezkoentzat, zatirik handienean, bidea doan plataforma beraren gainean joango dena.

Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa Plan Berezian ezarritako erabilerekin bat etorriz antolatuko da; azken batean, Artxandako parkeari irisgarritasun ona eman nahi zaio, Bilboko eta Bizkaiko herritarrek erabil eta goza dezaten.

Artxandako begiralekuko pasealekuko proiektuak 3.797.320,01 euroko aurrekontua (BEZa barne) dauka, eta 16 hilabeteko epean gauzatuko dira lanak.

ZIRKULAZIOA BARETZEA ETA OINEZKOEN IBILBIDE SEGURUA

Oinezkoen eta ibilgailuen erabilera uztartzearren, baretu egin beharko da ibilgailuen zirkulazioa jardun-eremu osoan. Horretarako, Bilboko Udalak estutu egingo ditu erreiak, hiru metrorako zabalerara arte, eta mugatu egingo du abiadura ibilbide osoan, 30 km/h gehienezko abiadura ezarriz, salbu eta Nogaro eta Truebako biribilguneen arteko tarterako, hor 20 km/h izango baita gehienezko muga.

Era berean, radar pedagogikoak ezarriko dira zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta semaforoak ere bai Berriz, Nogaro eta Truebako hiriguneetako oinezkoen pasaguneetan.

Horrez gain, Berriz eta Nogaroko hiriguneetan, bai eta Nogaroko eta Truebako biribilguneen arteko tartean, berritu egingo da galtzadako zoladura, tarte horiei hiri-izaera ematearren eta oinezkoen zirkulazioari lehentasuna ematearren.

Aldatu egingo dira bideetako zoru-markak, eta oinezkoentzako ibilbide bat sortuko da, hormigoi drainatzaile berdezkoa, Egirletako noranzkoan, eskuinaldeko bide-bazterrean; bereizita egongo da galtzadatik, eta, horretarako, zoladura aldatuko da, eta hesi bat ezarriko da, barrutik metalezkoa eta zurez estalia.

Atseden hartzeko lekuak sortuko dira, jarlekuz hornituak, ibilbide osoan zehar, eta berritu egingo dira lehendik ziren begiratokiak, eta, aldi berean, berriak ere egingo dira. Esate baterako, begiratoki berri bat ipiniko da Nogaroko biribilgunearen inguruetan. Zurezko egitura bat izango da, Pikotamendikoaren antzekoa, eta, hala, natur inguruaren estetikari eutsi egingo zaio ibilbide osoan zehar.

Txirrindulariak ibiltzen direla ohartaraziko da, bidean bertan erreia seinalatuz bizikletaren irudia eroango duten seinale termozigilatuekin. Eta, seinaleztapenari dagokionez, nabarmentzekoa da galarazita egongo dela ibilgailuak aurreratzea obra egingo den eremu guztian, nahiz eta eutsi egingo zaien egun diren biratzeei eta bidera sartzeko erreiei.

Hobetu egingo da, halaber, argiteria, nahiz oinezkoen ibilbidean, nahiz bidean bertan; eta, halaber, euri-uren, ur beltzen eta saneamenduko uren sareak berritu egingo dira.

OBRAK EGITEA: TARTEAK, FASEAK ETA SEGURTASUNA

Jardungo den eremuak 53.000 metro koadro baino gehiago hartzen ditu, eta bost tarte ditu:

  • 1. tartea: Berrizko bizigunetik Nogaroko biribilguneraino.
  • 2. zatia: Nogaroko biribilgunearen eta Truebako biribilgunearen artean.
  • 3. zatia: Truebako biribilgunearen eta Urgoitiko biribilgunearen artean.
  • 4. zatia: Urgoitiko biribilgunetik Egirletaraino.
  • 5. tartea: Urgoitiko biribilgunetik antenen etxeraino, BI-3732 errepidetik.

Hori kontuan hartuta, Udalaren proiektu honek hainbat fase proposatzen ditu obra egiteko, guztira bost, ibilgailuen zirkulazioan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien gutxitzeko.

Gainera, lanak segurtasunez egiteko, bidearen erabiltzaileentzat eta langileentzat, arautu egingo da zirkulazioa, eta errei bakarra ezarriko da, bi noranzkorekin eta semaforoen bidez araututa. Horretarako, tarteak ezarriko dira, txandaka igarotzeko, 200 eta 350 metro luze bakoitza, gutxi gorabehera, kasuaren arabera eta ikusgaitasunaren arabera.