Miribillan kokatutako Bilbao Arenak goi mailako hainbat kontzertu jasoko ditu azaroan zehar, Bilbao Basketek hilaren 14an jokatuko duen partiduaz gain. Hori dela eta, Bilboko Udalak Bilbobusen linea berezi bat jarriko du martxan, aurreko ekitaldietan egin bezala, Plaza Biribilaren ingurutik Bilbao Arenara joango dena.

Bilbao Arenan egingo diren kontzertuak honako hauek izango dira: Robe azaroaren 5ean; El Barrio 6an; Bilbao BBK Live Udazkena jaialdia 11n, 12an eta 13an; Loquillo 19an, Fair Saturday 26an.

Horrela, azaroaren 5ean eta 6an, E7 lineak Plaza Biribiletik aterako da 10 minutuko maiztasunarekin 20:00etatik; 11an, 12an eta 13an 19:15etatik; 14an 11:30etatik; 19an 20:30etatik, eta 26an 17:00etatik.

Ekitaldiak amaitzerakoan, autobusak Bilbao Arenatik (Askatasuna/Parkea) abiatuko dira Plaza Biribileraino, Erriberako Merkatutik eta Areatzako zubitik igarota. Zerbitzu hori ere 10 minututik 10 minutura emango da geralekuan jendea geratzen den bitartean.

Beste alde batetik, erabiltzaileak hiriko beste alderdi batzuetara garraiatzeko zerbitzua bizkorrago emateko, 30, 71, 75 eta 76 autobus-lineek beren ibilbidea aldatuko dute kontzertuaren ondorengo minutuetan, Zabalburu / Hurtado de Amezagan geraldi bat egingo baitute.

Bilbobus ez da garraio publikoaren aukera bakarra. Horregatik, Bilboko Udalak gogorarazten du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan badirela metro-, tren- edo tranbia-geralekuak, hiriko auzo guztiekin eta hurbileko herriekin konektatuta daudenak. Gainera, taxi-geraleku bat ere jarri da Askatasuna etorbideko 11 zenbakian.

Informazio gehiago eskura daiteke geralekuan, 010 informazio-telefonora deituz edo udal-webgunean.