Mentoring Bilbao bueltatzen da bere hamahirugarren edizioa ospatzeko. Bilboko Udalak iniziatiba hau ipini du martxan, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, eta bere helburua da Enpresei eta saltokiei epe luzerako ikuspegia hobetzen laguntzea eta enpresa-erabakiak hartzea erraztea.

Guztira 70 proiektuk eskatu dute aholkularitza, eta horietatik burutuak izateko 23 proiektu aukeratu dira; beraz, inoiz baino eskari gehiago jaso dituen edizioa da.

Horrez gain, aurtengo 23 aholkularietatik hemezortzik errepikatu dute aholkulari izateko esperientzia; halaber, beste hiruk aholkuak jaso zituzten bere garaian Mentoring Bilbao ekimenaren esparruko profesionalen aldetik. Datuek, beraz, argi uzten dute programa hiribilduan finkatzen ari dela eta gero eta arrakasta handiagoa izaten ari dela.

ESPERIENTZIAN OINARRITZEN DEN IKASKETA

Datozen zortzi hilabeteetan, 23 mentorek eta beste hainbeste hartzailek topaketak eta bilerak egingo dituzte esperientziak, aholkuak eta informazioa partekatzeko. Topaketa horien helburua hartzaileen profesionalizazioa hobetzea da. Horretarako, esperientzian oinarrituriko ikasketa baliatu da, ideia berriak txertatu dira pixkanaka eta negozio-planak hedatzen lagundu dezakeen kontaktuen sare bat sortu da.

Hautatutako enpresek urtebete baino gehiagoko jarduera dute, eta askotariko sektoreetan egiten dute lan: zerbitzu profesionaletan, merkataritzan, ostalaritzan, turismoan, kultura-jardueretan edo teknologian, besteak beste.

Bilboko Udalak 2008an Mentoring Bilbao programa martxan jarri zuenetik (tresnak nazioartean lorturiko eraginaren ondorioz), 150 saltokik eta ETEk beren lehiakortasuna hobetu dute, ekimenean parte hartu duten 87 aholkulariren laguntzari esker.