Begoñako hilerriko bisita gidatuetan parte hartzeko plaza guztiak bete dira

25.10.2021 | 17:44
Begoñako hilerria.

Harrera bikaina izan dute martxan jarri berri diren Begoñako hilerriko bisita gidatuak, astebetean agortu egin baitira 'Begoñako Argia' izeneko memoria historikoaren arloko ikerkuntza, zabalkuntza eta prestakuntza zientifikoko proiektuaren antolatutako bisita gidatuak egiteko plaza guztiak.

Astean bi bisita programatzen dira (ostiraletan edo larunbatetan), bata euskara eta bestea gaztelaniaz, bata bestearen ostean, 45 minutukoa bakoitza. Urriaren 22an, barikua, egin zen lehena, eta abenduaren 18ra arte (zapatua) egingo dira.

Taldeak hamabi lagunekoak dira, eta bisitaldia hilerriaren sarreran hasten da, Begoñako Andra Maria kalean. Bertan atondu da erakusketa-gunea. Leku horretan egiten da proiektuaren eta ibilbidearen aurkezpena. Zehazki, hilerriko kale nagusiak zeharkatzen dira, interesgune batzuetan geldialdia eginez, hala nola Gerra Zibilarekin zerikusia duten hilobietan, hilobi-arkitekturaren ikuspegitik interesgarriak diren panteoietan, gorpuak gordetzeko gune zaharrean, kaperan, hilarri esanguratsuetan (esaterako, euskaraz kontserbatzen den Gerra aurreko hilarri bakarra).

'BEGOÑAKO ARGIA'

"Begoñako Argia" memoria historikoaren arloko ikerkuntza, zabalkuntza eta formazio zientifikoko proiektua da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua.

Unibertsitate-praktiketako campusa ezarri da ikerketa historiko, ondareko eta antropologikoaren inguruan, eta proiektuan unibertsitate-zentroak eta erakunde zientifikoak integratu dira, batez ere Bilbon eta inguruan dauden unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UNED/UHUN).

Indusketa/desobiratze prozesuan sartzen dira:

  • Hezur-hondakinak modu mekanikoan edo eskuz induskatzea (aire zabalean) eta dokumentazio arkeologikoa.
  • Hondakin materialak garbitzea, analizatzea, sailkatzea eta tratatzea.

Eta, hori guztia, berreskuratze, ikerkuntza eta zabalkuntza zientifikoko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaion sentsibilitate sozialarekiko begirunez.

noticias de deia