Gaur goizean, urriak 25, BBK Kunaren inaugurazioa egin da. Bertan izan da, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto.

Ekitaldi instituzional honetan izan dira, modu berean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea; Xabier Sagredo BBKko presidentea, Gorka Martinez BBKko zuzendaria, Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta Eider Inunciaga BBK Kunako zuzendaria, Bizkaiko beste pertsonaia garrantzitsu batzuekin batera.

“BBK KUNA” proiektu berria Ricardo Bastidaren “Sehaska Etxea” izeneko eraikinean dago, 1916an eraikia. Orain arte, ongizatearen sorreran, aukera-berdintasunean, gizarte-integrazioan eta eskola aurreko abangoardiako heziketan erreferentea izan da.

Garapen jasangarriko helburuen estreinako etxe honek bost solairu dauzka, eta beraietatik “proiektu berritzaileak sustatuko dira, zenbait gaitan soluzioak eskaintzeko: klima-aldaketa, iraultza teknologikoa, hirien eraldaketa eta migrazioa. Erronka horiei heldu beharra dago gizarte gisa hazten segitzeko, inor atzean utzi barik”, azaldu dute antolatzaileek.

“Garapen jasangarriaren helburuen etxe” berri hau aitzindaria da nazioartean, eta gizarte-eraldaketari aplikatutako ikerkuntza, auzoaren parte-hartzea eta gizarteko eragile guztien (herritarren, unibertsitateen eta ikerkuntza-zentroen, administrazio publikoaren eta enpresa pribatuaren) elkarlana lantzen ditu.

Proiektu hau, Alkateak bere hitzaldian onartu duenez, aukera paregabea da Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Atxuri auzoentzat. “BBK KUNAk herritarrei ateak zabaltzeko eskatzen dizuet, hemen euren lekua aurkitu dezaten. Eta, modu berean, eskatzen dizuet BBK KUNAn Bilboko zona hau hobetzen eta sakontzen laguntzeko”.

Halaber, zentro berri honetaz, “garapen jasangarriaren helburuen etxeaz”, Juan Mari Aburtok esan du “Bilbo bere mugatik kanpo ateratzen dituela. Muga fisikoak nahiz zientifikoak. Bilboko egoitza berri honetan, ideiak, proiektuak eta jarduerak Bilbon jaiotzen dira baina munduari irekita daude. Eta, alkate naizen aldetik, oso identifikatuta sentitzen naiz horrekin. Bilboko auzo batetik mundura. Eta mundutik lortzen duguna, Bilbora eta bertako auzoetara ekarri dezagun. Horixe izan behar da BBK Kuna”.

Bilboko Udalak bi proiektu estrategiko lantzen ditu zeharlerro gisa: “Bilbao Balioen Hiria” eta Nazio Batuen 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuak. Bi proiektu horien bidez, balioak garapenaren, pertsonen eta hiriaren giza garapenaren motorra diren hiri baten eraikuntzan lanean ari gara. “Balioak gure ekintza guztien oinarria baitira. Uste dugu balioen gutuna tresnarik onena dela Bizkaiko hiriburuan garapen jasangarriaren helburuak lortzeko”. Alkateak horretaz esan du “Bilbok erronka bere gain hartu duela. Orain, inoiz baino gehiago, benetako konpromisoa daukagu 2030 Agenda gure udal politiketan eta hiriko bizimoduan sartzeko”.

Bilboko Udalaren 2019-2023 Agintaldi Plana bat dator 2030 Agendarekin, eta jarduketa guztiek garapen jasangarriaren 17 helburuak eta beraien helburuak esleituta dauzkate. Gainera, Udalean sail arteko lantalde bat eratu da, 2030 Agenda barne prozesuetan eta udal proiektuetan txertatzeko.