Aurten, Zorrotza auzoko Fray Juan Ikastetxe Publikoak irudi berri batekin ekin dio ikasturteari, udako hilabeteetan egin diren hobekuntza-obrei esker. Horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bisita bat egin du aste honetan, lanen emaitzak ezagutzeko. Berarekin batera, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Hezkuntza ordezkariak eta Idoia Gallarza ikastetxeko zuzendariak bisita egin dute.

Ikustaldian zehar, Bilboko alkateak Udalaren konpromisoa nabarmendu nahi izan du: "Bilboko Udalak konpromisoa du Bilboko ikastetxe publikoetan mantentze-lanak egiteko eta haiek etengabe hobetzeko", "gure asmoa da umeek eta gaztetxoek kalitatezko ikastetxeetan ikas dezaten, ahalik eta prestaziorik eta zerbitzurik onenekin, eta formazio akademikoa berengana dezaten eta pertsoa moduan hazten lagunduko dieten balioak ikas ditzaten", esan du.

Zorrotza auzoko ikastetxe horretako lanak izan dira:

Ikasleen aldagelak beste leku batera eroan dira, gimnasioaren ondoan dagoen leku batera (lehen urrun zeuden), eta, hala, ikasleek nahiz irakasleek erosoago eta gertuago izango dituzte.

Bestalde, aldagela lekuz aldaturik, espazio libre bat sortu da, eta patio barruko gune estali bat eratu, ikasle txikienentzat, euria egiten duen egunetan, estalpean egon daitezen, eta eguzkiak zakar jotzen duen egunetan, gerizpea izan dezaten.

Bildu eta berritu egin dira irakaskuntzaz besteko langileen aldagelak, eta handitu egin dira, eta, era berean, handitu egin da atarte estalian baliagarri zegoen eremua, eta ikasleek, hartara, leku handiagoa izango dute patioan.

Sarbideetan, kendu egin dira mailak eta eskailerak, eta halaber lehendik ziren arkitektura-oztopoak. Era honetan, larrialdietako ibilgailuak eta mantentze-lanetakoak eskola esparruaren barrura sartu ahal izango dira.

Ikastetxeko Atezaintza, Idazkaritza eta Zuzendaritzarako guneak berrantolatu dira, eta sarrera berriaren ondoan kokatu, eta, hala, errazago zaindu ahal izango dute ikastetxea handik, eta administrazio-zerbitzu hobea eman ahal izango diote hezkuntza-komunitateari; orobat, ikastetxekoak ez diren pertsonekin bertatik bertarako harremana izan ahalko dute, haiekin harremana izan behar dutenean.

Guztira, Bilboko Udalak, hobekuntza hauetan, 481.000 euroko inbertsioa egin du.

Aburto alkateak ikustaldia baliatu nahi izan du ezagutza agertzeko hezkuntza komunitateari, eta zuzendaritzek, irakasleek eta ikasleen erakutsi duten "konpromisoa, erantzukizuna eta gaitasuna" nabarmendu ditu, "ikastetxeetako eta ikasgeletako bizimodua neurri sanitarioen arabera egokitzeko eta koronabirusaren hedapena eragozteko".