Atzo SUM Bilbao 21 nazioarteko kongresuaren azken jardunaldia ospatu zen Euskalduna Jauregian eta aukera aprobetxatuz 35 erakunde publiko eta pribatuk Bilboko Adierazpena sinatu zuten. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gidatu zuen ekitaldia, eta GIHekin eta 2030 Agendarekin lerrokatutako mugikortasun-ereduen alde lan egiteko konpromisoa hartu zuten.

Zehazkiago esanda, Bilboko Adierazpenaren sinatzaileek honako erakunde hauek ordezkatzen zituzten: Bilboko Udala, Petronor, Repsol, BBK, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, EUDEL, Gasteizko Udala, Seat Mo & Casa Seat, EVE, FEMP, UCLG, EIT Urban Mobility, FLACMA, Mercociudades, Alsa, Talgo, Irizar e-mobility, IBIL, Kapsch TrafficCom, Via, Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Enpresak, ANFAC, Bilbao Metropoli-30, AMETIC, Ibercaja Fundazioa, AECOC, Connected Mobility Hub, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Tecnalia, Leber, CTAG eta Pachuca de Sotoko Udala (Mexico).

Sinaketaren aurretik, 12:30ean, biltzarraren itxierako ekitaldia egin zen ‘Berrikuntza eta neutraltasun teknologikoa, mugikortasun jasangarriaren gakoa’ izenburupean, Alfonso Gil FEMPeko Mugikortasun eta Garraio Batzordeko Presidentearen eta Emiliano López Atxurra Petronorreko Presidentearen eskutik.

Bilboko Udalak eta Petronorrek antolatutako biltzar honetako hitzaldiak Estatu Batuak, Kenia, Kolonbia, Albania, Erresuma Batua, Argentina, Portugal, Herbehereak, Peru, Belgika, Alemania, Costa Rica, Mexiko, Filipinak, Espainia eta beste hainbat herrialdetako agintaritza, enpresa eta zentro teknologikoen entzute handiko ordezkariek eman zituzten. Aditu horiek guztiak estu-estu lotuta daude energia sektorearekin, automobilgintzarekin, garraioaren industriarekin, mugikortasun, logistika eta banaketaren arloetako zerbitzuekin, teknologiarekin, telekomunikazioekin, azpiegiturekin eta finantza arloarekin, eta horien parte-hartzeak hiru ardatz tematiko izan zituen.

Alde batetik, topaketak arreta berezia eman zien hiriek trantsizio energetikoan zein egungo erregulazio-esparruan zuten eginkizunari, eta hidrogenoak, energia garbiek eta energiaren deskarbonizazioak eskainiko dituzten aukerei.

Bigarren ardatz tematikoak gobernantza eta finantzaketa izan ditu aztergai eta arreta berezia eman zien trantsizio energetikoaren Europako agendari, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruei, aliantza publiko-pribatuei eta metropolietako zein maila anitzeko gobernantzari.

Hirugarren ardatz tematikoa “Mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza” izan zen. Mugikortasunaren kasuan, ondo kontuan hartu zen konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren erabilerari lotua izan dadila. Halaber, mugikortasunaren zerbitzura sortu ziren teknologia berriak aztertu dira, baita pertsonen nahiz merkantzien mugikortasunak ekonomia garatzeko dakartzan aukerak ere.

Era berean, bi egunetan, biltzarrak hainbat arrakasta-kasu aurkeztu zituen Iomob, Correos, ONU Habitat, Estafeta Mexicana, Euskadiko Logistika eta Mugikortasun Klusterra, Women In Mobility London, Green Hydrogen Coalition, Alsa, Kapsch TrafficCom, Irizar e-mobility, Talgo eta Tecnaliaren eskutik, besteak beste.