Datorren asteazkenean, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Setak Identifikatzeko Zerbitzua jarriko du martxan, baina oraingoan Castañoseko Udaltegian kokatuko da. Zehazki, zerbitzua doan eskainiko da urriaren 13, 18 eta 25ean eta azaroaren 2, 8, 15, 22 eta 29an.

Bildutako aleak kontsumitzeko gaitasuna zehaztea da helburua, intoxikazioak saihesteko.

Aurten, berritasun gisa, Castañoseko Udaltegian eskainiko da zerbitzua (Castaños kalea, 11). Ordutegia: 9:30etik 13:30era, urriaren 13, 18 eta 25ean eta azaroaren 2, 8, 15, 22 eta 29an.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak herritarrei dei egiten die zerbitzua erabil dezaten eta bildutako perretxiko edo onddoei buruz sor dakiekeen edozein zalantza kontsulta dezaten. Era berean, elikagai horien kontsumitzaileei gogorarazten zaie, ondoezaren zantzurik txikiena izanez gero, larrialdietako mediku-zerbitzuetara jo behar dutela.

PERRETXIKOAK IDENTIFIKATZEKO ZERBITZUAREN XEHETASUNAK

Bertaratzen direnek maskara jantzita joan beharko dute instalazioetara eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatu beharko dute.

Ahal dela, biltzaileak hurbiltzea gomendatzen da, habitatari eta inguruneari buruzko datuak eman ahal izateko. Komeni da, halaber, bildutako espezie bakoitzeko ale batzuk lekuz aldatzea (lurpetik ateratzea, oin osoarekin eta ebaki gabe), nahastu gabe.

Mikologiazaleek ale garatuak eta osasuntsuak bakarrik bildu behar dituzte (harabartu gabe). Era berean, ahalik eta azkarren kontsultatu behar da perretxikoak biltzen direnetik (gehienez ere bi egun geroago) eta aleak plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, ahalik eta zabalduen eta hozkailuaren behealdean, trapu garbi eta lehor batez estalita.

Ez da gomendagarria identifikatu aurretik aleak garbitzea edo izoztea, kolore eta usain natural asko galtzen dutelako eta ez da komeni perretxiko mota desberdinak ontzi berean nahastea.