Venezuela Plazan kokatuta dagoen Simon Bolivarri eskainitako eskulturaren mantentze-lanak hobetu egingo ditu Bilboko Udalak. Orain arte, eskultura kontserbatzeko esku hartze bat amaitu berri du.

Zehazki, eta haren kontserbazio-egoera hobetzeko eta etorkizunean izan daitezkeen kalteak aurreikusteko, testuen euskarri gisa erabiltzen den metakrilatozko plakaren ordez bustoaren tonu berean urtu eta patinatutako brontzezko plaka bat jarri da.

108 x 102 x 0,6 zentimetroko neurriak dituen plakak testu elebiduna eta tipografia erliebean ditu. Horrela, posible izango litzateke disolbatzaileak edo bestelako garbiketa-produktuak erabiltzea balizko pintaden aurrean.

Esku-hartze horretara 4.600 euro bideratu dira (BEZik gabe). Aurrekontu horretan, plakaren fabrikazioa, ainguraketa-sistemak, garraioa eta instalazioko aholkularitza sartzen dira.

ESKULTURA

Simon Bolivarren bustoa 1989ko urriaren 18an inauguratu zen, Venezuelak Bilbon duen Kontsulatuak eskatuta. Marmolezko bi zutaberen gainean eutsitako brontzezko busto batek osatzen du obra. Zutabeen artean, hasieran, metakrilatozko xafla bat jarri zen testu honekin: “Libertador de Venezuela, Colombia, Ecuador, Perú, Bolivia y Panamá; testimonio de amistad y acercamiento a la villa de Bilbao”.

Denborak aurrera egin ahala, plaka hondatu egin zen eta inskripzioa osatzen zuten letoizko zenbait letra galdu egin ziren. Horregatik, beharrezkoa izan zen letra guztiak ezabatzea eta testu inprimatua zuen binilo zuri bat jartzea.

Gainera, eta urteek eragindako kalteak alde batera utzita, lanak marradurak eta pintadak jasan ditu, eta beharrezkoa izan da garbitzea eta metakrilatozko plakaren ordez beste bat jartzea behin betiko, brontzezkoa, eguraldi txarrari eta eraso bandalikoei hobeto aurre egiten dien materiala baita.