Bilboko Udalak parte hartuko du bihar, irailak 16, hasi eta hilaren 31ra arte iraungo duen eta 'Bidegurutzea. Hiri erresilientea eraikitzen' goiburua daraman Seulgo Arkitekturako eta Hirigintzako Biurtekoaren hirugarren edizioan (SBAU 2021).

Ekimen hori Dominique Perrault arkitekto eta urbanista frantsesak zuzentzen du, eta arkitekturaren eta hirigintzaren alorreko plataforma global garrantzitsuenetako bat da mundu osoan.

Hirugarren edizio honetan, sei aste baino gehiagoan, SBAUak munduko hiri eta metropolien eboluzioa aztertuko du, haien erresilientzia-gaitasuna hobetzeko birformulatzeko helburuz.

Nazioarteko erakusleiho honetan Bilbok bere tokia edukiko du. Bertan, bere hiri-proiektuak erakutsiko ditu; batzuk bukatuta daude, beste batzuk diseinatze prozesuan, eta beste batzuk gauzatze bidean.

Proiektu horiek alor publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren adibide dira eta horietako gehienak tokiko estudioek proiektutakoak dira: Arte Ederren Museoaren handikuntza (Foster & Partners eta Luis María Uriarte Arkitektura), IED Kunsthal (abr/+/arkitektoak), Bilbao As Fabrik eta Pabellon 6 (I. Aurrekoetxea & Partners), Auzo Factory Irazabal Matiko (Suárez Santas Arkitektoak), Deustuibarreko paseoa lehengoratzea (G&C Arkitektoak eta Imma Jansana eta Conchita de la Villa), eta Azkuna Zentroa (Philippe Stark).

Beste egitasmo teoriko batzuek ere protagonismoa izango dute, Bilbao CT Lab-en ikerketen fruitu direnak: Begoñako igogailua lehengoratzea, Abando birformulatzea, Itsas Museoa handitzea, Atxuriko geltokiaren eraldaketa edo Atxuri-Bolueta mugikortasun-espazioak.

ADITUEN ETA PROFESIONALEN FOROA

SBAUaren testuinguruan, munduko hogei hiri baino gehiagoko adituen, arduradun politikoen, arkitektoen, urbanisten eta akademikoen foro bat antolatzen da. Foro horretan, ideiak eta ikuspegiak konpartitzen dira, hiriek etorkizunean erresilientzia handiagoa, mugikortasun adimentsua, oreka ekologikoa eta sormen eraldatzailea izateko.

Lansaioetako batean, 'Crossroads: Heritage/Modern (Ondarea/Modernitatea)' izenekoan, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzi ordezkariak parte hartuko du. Irailaren 22an, asteazkena, izango da, online.

Abaunzaren hitzaldiak izen hau izango du: 25 Years Transforming de City; The Impossible, comes True. (25 urte hiria eraldatzen: ezinezkoa zena, hezurmamituta). Hitzaldian, azalduko du hiri-hazkuntzaren klabeetako batek zerikusia daukala ez espazio berrien sorkuntzarekin, baizik eta dagoeneko existitzen diren espazioetan logika berriak asmatzearekin.

Testuinguru honetan, Bilboko industriaren eta kulturaren historiak antzina herritarrentzat debekatuta zeuden lekuak lehengoratzeko, handitzeko edo birmoldatzeko eman dituen aukerak azalduko ditu: fabrikak, portuak, hiriaren erdiguneko eraikin industrialak...

Modu berean, Bilboko Udalak unibertsitate-erakundeekin, gazte ekintzaileekin, kultur entitateekin eta auzo-elkarteekin eginiko ahalegina azpimarratuko du. Ahalegin horrek orain dauzkagun azpiegituretan esku-hartze ugari ekarri ditu (fabriketan nahiz espazio irekietan). Horrek guztiak argi eta garbi erakusten du kudeatzaile publikoek, ekimen pribatuek, unibertsitate-erakundeek, kultur erakundeek eta herritarrek bat egiteko gaitasuna daukatela.

Saio horretan, Bilborekin batera, Zurich, Berlin eta Bartzelona hirietako ordezkariek hitz egingo dute.

ERAKUSKETA-ESPAZIOA

Bilboko Udalak 18 metro koadroko erakusketa-espazioa du, eta bertan proiektu bakoitza azaltzen da hiru eta lau minutu arteko iraupena duen bideo baten bidez. 55'-ko zortzi pantaila dira, eta proiektu bakoitzaren argazkiak, irudi birtualak, planoak eta azalpen laburrak erakusten dituzte. Asier Santas Bilboko arkiteko eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasleak ekoitzi eta diseinatu ditu erakusketa-gunearen edukiak eta diseinua.

BILBAO CT LAB

Bilbao CT LAB Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa-ren ekimen bat da, eta haren helburua da bere ikasle eta irakasleek Bilbo eta Bilboren eragin-eremua lan-esparrutzat hartzea, arkitektura-ikasketetan egiten diren jarduera praktikoak bertan gauzatzeko.

Gure hiriaren eta ingurunearen berezitasunari eta konplexutasunari esker, laborategi eta azterlan izan daitezke, hainbat eskalatan eta ikuspegi askotatik (hirigintza, arkitektura, paisaia, diseinua, historia, bideragarritasun-azterlanak). Ondorioz, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hitzarmena egin du Bilboko Udalarekin, bi erakundeon interesekoak diren proiektuak antolatzeko, ikasketa-maila bakoitzari leku eta programak eskaintzeko eta beraiekin herritarrentzat interesgarriak diren proposamenak garatu ahal izateko.