Bilboko Udalak Mugikortasunaren Aste Europarrarekin bat egingo du berriro aurten. Astelehen honetan, irailak 13, ekimenaren aurkezpena egin du Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilek. Aurtengo kanpainaren leloa 'Zure osasunagatik, mugitu era jasangarrian' izango da, eta irailaren 16tik 22ra ospatu egingo da.

2000. urteaz geroztik, Bilbok europar ekimen honetan parte hartzen du, zeinaren bidez tokian tokiko ekimenak sustatzen baitira udalerriak seguruagoak, ekologikoagoak, inklusiboagoak eta irisgarriagoak izan daitezen. Mugikortasunaren Aste Europarra kontzientziazio-kanpaina bat da, arduradun politikoei eta herritarrei erakusteko zer ondorio txar dakartzan, osasun publikorako eta ingurumenerako, autoa hirietan modu irrazionalean erabiltzeak, eta zer onura dakartzan, ostera, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak (garraio publikoak, bizikletak eta oinez joateak).

Bi hamarraldi horietan zehar, Bilbok hainbat ekimen egikaritu ditu, Europako Batzordeak automobilaren erabilera eta haiek eragiten dituzten isurketa murrizteko jardun-molde onenen artean dauzkanak, eta hiri-plangintzako neurriak ere ezarri ditu, hiria inklusiboagoa izan dadin.

Neurri horien artean daude erregai fosilekiko ibilgailuak apurka-apurka ordeztea (autobusak, taxiak, anbulantziak eta banaketako ibilgailuak ordeztu izan ditu ibilgailu elektrikoekin), garraiobide jasangarriak eskaintzea (alokatzeko udal bizikletak, eta, oraintsuago, pedalak emateko laguntza duten bizikletak), igogailuak eta arrapalak jartzea irisgarritasuna errazteko, edo bidegorriak eraiki izana, edo hiriko zirkulazioa baretu izana, hiriko zenbait eremu oinezkoentzako soilik antolatuz, edota Bilbo30 deritzon neurria.

Hain zuzen ere, abiadura hirialde guztian murrizteko neurriari ezagutza agertu zaio Europar Batasunaren Hiriko Bide Segurtasunaren Saria irabazita European Mobility Week 2020 sarien artean, zeinaren bidez tokiko agintariek bide-segurtasunaren arloan lortutako xede nabarmen eta berritzaileak saritzen baitira.

Gehienezko abiaduraren muga 30 km/h ezarrita, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ibilgailuen zirkulazioa eraginkortasunez baretzea lortu du, eta, orobat, era bateko eta besteko garraiobideak eremu berean adeitasunez bizi ahal izatea.

MAE 2021-en GAIA

Aurten, bi hamarkada betetzen dira Europa osoko kanpaina hau abian jarri zenetik lehenengoz, eta oraindik ere tokiko ekimenak sustatzen ditu, udalerriak seguruagoak, ekologikoagoak, inklusiboagoak eta irisgarriagoak izan daitezen. Europako Batzordeak "Mugikortasun Jasangarria, Osasungarria eta Segurua" hautatu du aurten gaitzat, omenaldia egin nahirik udalei eta tokiko agintariei, covid-19aren pandemiak iraun duen artean pairatu dituzten eragozpenen aurrean erakutsi duten erresilentziagatik eta lortu dituzten xedeengatik. Alde horretatik, bada, gonbidapena egiten du gogoeta egitera inoiz ez bezalako krisi sanitario honetatik aldaketarako sortu diren aukerez, hala nola mugikortasun aktiboa gehitzeko joera, edota tarte horretan izan den isuririk gabeko edo isuri oso gutxiko mugikortasunaren erabilera.

Covid-19a, jakina, izan da garraio-agentzien, tokiko eta eskualdeetako agintarien eta enpresa pribatuen kezkarik handienetako bat; hala ere, MAE 2020rako inoiz izan diren izen-ematerik handienetan bigarrena gertatu zen, eta ia 3.000 udalerrik parte hartu zuten, 53 herrialdetakoak. Aurtengo kanpaina honetan, "Zure osasunagatik, mugitu era jasangarrian" goiburuarekin, herritarrei eragin nahi zaie beren osasuna zain dezaten, bai gorputzekoa, bai burukoa, eta, aldi berean, iker dezaten eta ezagutu bere udalerriaren edertasuna, eta errespeta dezaten ingurumena eta besteen osasuna, garraiobidea hautatzean.

Ikuspegi horrekin, MAE 2021ek mugikortasun aktiboaren onura agertu nahi du, hura bizi kalitatearekin eta osasunarekin lotuta. Hala, bada, aldi honetan, lehentasunezko xedetzat ditu buruko osasuna eta hiriko mugikortasuna, pandemian zehar garrantzi handiagoa hartu baitute, eta orobat gorputz osasuna, zeinari eguratseko kutsadurak eta zaratak eragiten baitiote; eta, orobat du lehentasunezko arretagunetzat, funtsean, mugikortasun aktiboaren onura.

MAE BILBO 2021 EKIMENAREN AGENDA

MAE 2021 honen aldirako, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak webgune bat aurkezten du, helbide honetan, eta hor jasoko dira deialdi honetan proposatzen diren jarduerak. Webgune honetan herritarrek mugikortasun eta aisialdi jasangarri eta osasungarrian hasteko aholkuak eta tutoretzak aurkituko dituzte, dela bizikletaz, edo hirian zehar ibilaldi osasungarriak eginez ekinez era horretako aisialdiari. Halaber, informazio aurkituko dute Bilbon bizikletaz ibiltzeko, tutoretzak ere bai bizikleta nola prest jagon jakiteko, eta baita ere MAE 2021erako jarduerak eta era bateko eta besteko lehiaketak, adinekoek nahiz umeek parte hartzeko.

Era berean, une honetatik aurrera, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak gonbidapena egiten die Bilbobus erabiltzen duten edo haren zale diren guztiei selfien lehiaketan parte har dezaten. Lehiaketan parte hartzeko, Bilbobusen selfie bat egin behar dute irailaren 13tik 26ra bitartean, #NosMovemosContigo trarolarekin edo ekiketarekin, eta twitter eta Instagram bidez partekatu behar dute, eta, hala, aukera izango dute urte osoan Bilbobusez dohainik bidaiatzeko sarrerak irabazteko.

Irailaren 16tik 22ra bitartean, bizikletak leku nabarmena izango du Mugikortasunaren Aste Europarrean. Iberdrolak ekimen bat sustatuko du 50 urte baino gehiagoko pertsonek beldurra gal dezaten bizikleta elektrikoan ibiltzeko. Horretarako, doako ikastaroak antolatuko ditu, Bilbaobizi zerbitzuaren erabilera hedarazteko adin horretako pertsonen artean oraindik mugikortasun jasangarri eta osasungarriko sistema hori ikertzen ausartu ez direnentzat. Formazio ikastaroak irailaren 16tik 22ra izango dira, eta izena emateko, gaurtik bertatik (irailaren 13a, astelehena) jo dezakete webgune horretara, edota Iberdrolak hiriburuan jendeari arreta eskaintzeko dituen 5 puntuetako edozeinetara. Parte hartzaileek, EHUko paraninfoan jasoko dituzte bizikletak, bidegorri batean ibili eta aldapa txiki bat igotzeko, eta ikusteko "ez duela ahaleginik eskatzen".

Irailaren 17an, barikuan, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin, Iberdrolarekin eta Mercedes Benz-Aguinagarekin batera, San Mamesen erakutsiko ditu 115 anbulantzia elektriko, Grup La Pau enpresak Bizkaian eta Araban egun osasun garraio ez-presazkoaren zerbitzua emateko darabiltzanak.

Irailaren 19an, domekan, Areatzan, Bigarren eskuko Bizikleten Bilboko Lehen Azoka izango da, eta trebetasun jolasak bizikletaz umeentzat, edo ginkana bat bizikletaz eta familiarekin eta lagunekin, LaboralKutxaren eta Euskadi Fundazioaren laguntzaz. Halaber, Bide Segurtasuneko pedalezko Zirkuituan parte hartzeko aukera izango da, Mapfre Fundazioak antolatuta.

Jarduera horietako batean edo bestean izena emateko, izena eman beharko da aldez aurretik esteka honetan.

Astelehenean, irailak 20, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Bizikleta Elektrikoen Iberdrola Ikastaroa 50 urtetik gorakoentzat izeneko ikastaroan parte hartuko du.

Martitzenean, irailak 21, Ibiltarien Sarearen Programaren denboraldi berri bat aurkeztuko da, zeina Osasun Sailak antolatzen baitu; aurten, mugikortasuna eta gorputz ariketa lotuko ditu elikadura osasungarriko ohiturekin, eta, halaber, gosari osasungarrien programa bat landuko da, udalerriko azokek ere parte hartuko dutelarik.

Asteazkenean, irailak 22, amaituko da MAE 2021, "Bilbo, nire autoa barik!" Egunaren ohiko ospakizunarekin. Hori dela eta, Udaletxeko Arabiar Aretoan "Ibiltaria 2021 saria" entregatuko zaio, bereziki, Bidaideak Bilbao BSR gurpil-aulkiekiko saskibaloiko taldeari. Gurpil-aulkiekiko saskibaloi ligako aurtengo txapeldun dirdaitsuek garaipenezko ibilera izan dute joko-zelaian, hamaika garaipen lortuta denboraldiko hamaika partidetan.