Aurrera darrai Bilboko Udala nazioarteko lankidetzako proiektuekin. Oraingo honetan, inbertsio handia (70.000 eurokoa, konkretuki) egingo du Guatemalako Petén Departamentuan dagoen Sayaxché udalerrian ur segurua eramateko eta emakumeak ahalduntzeko programa estrategikoak martxan jarri ahal izateko. Bilboko Udalak Mundu Bakean Bilboko Gobernuz Kanpoko Erakundearekin batera eraman egin du aurrera ekimen hau. Bilbo gehien behar dutenei laguntza eskaintzen jarraituko du.

Proiektuak ahalbidetu du ura edukitzea eta haren kudeaketa jasangarria bermatzea lehentasuna eskaini zaien 39 familia eta 2 ikastetxetan, Agua Chiquita eta Monja Blanca komunitateetan, pobrezia egoeran dauden q'eqchí komunitate maya bi. Hartara, euri-ura atzeman eta biltegiratzeko 41 sistema jarri dira, urtaro lehorrean (abendutik maiatzera) edateko uraren hornidura bermatzeko, familien kontsumorako. 41 sistema horietatik, 39 lehentasuna eman zaien emakumeentzat eta beraien familientzat dira, eta beste 2 komunitate bakoitzeko eskoletarako.

Proiektuak bere bi helburuak beteko ditu horrela: 39 familiak ura lortzeko duten oinarrizko beharrizana asetzeaz gain, parte hartzen duten emakumeen eta umeen lansaioa nahikotxo murrizten da. Gainera, emakume horiek, Oxlajú Aj emakume-elkarteko kide direnek, emakumeen giza eskubideei buruzko prestakuntza zehatza jaso dute, euren antolaketa- eta lidergo-gaitasunak eta trebetasun teknikoak indartzeko; horrela, ahalduntzen laguntzen zaie, eta euren eskaera eta aldarrikapenak bideratzeko ahalmena ematen zaie.