Bilbo, Santander eta Logroñoko udalek bat egingo dute berriro ere 'Bertatik bertara' programaren barruan. Gaur goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Santanderko alkate Gema Igual eta Logroñoko alkate Pablo Hermoso de Mendoza bildu egin dira programaren helburuak bateratzeko.

Hiru udalek erabaki dute ahaleginak bateratzea eta elkarrekiko estrategiak abian jartzea kultur sektorearekin duten konpromisoa sendotzeko; horretarako, hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren ildo nagusiak gaur berretsi baitituzte, aurrez aurreko bilera honetan.

Erakundeen arteko aliantza berritu honek lau urteko iraupena izango du, eta beraren oinarria da "Bertatik bertara" izeneko kultur lankidetzako hitzarmena, 2012an sinatu zutena Bizkaiko eta Kantabriako hiriburuek. Iragan apirilean, Logroñoko Udalak Bilbokoarekin eta Santanderkoarekin egin zuen bat. Eta, bat egite horrekin, aldi berri bat hasten da orain, hirurek baitute euren helburu estrategikoen artean kultura aberastasun iturri izan dadila, ekonomiarako eta gizarterako.

Santanderrek, Bilbok eta Logroñok kultur politiketan lankidetzan aritzeko interesa daukate, kultura kontsumitzen duten herritarrei mesede egiteko eta hiru hirietako kultur eragile, enpresa eta sortzaileentzat aukera berriak sortzeko.

Izan ere, aurki emango da ezagutzera “Bertatik bertara 2021” kultura-laguntzetarako deialdiaren ebazpena, zeina 75.000 euroz baitzegoen hornitua. Helburua da hiru hirietako kultura arloko enpresek, elkarteek eta sortzaileek elkarrekin gara ditzaten proiektuak, eta proposamen berriak txerta ditzaten nork bere programazioan. Hiri bakoitzak 25.000 euro jarriko ditu, eta, guztira, sei proiektu hautatu dira, eta bakoitzak 12.500 euroko aurrekontu bat izango du. Ekimenak aurten gauzatu beharko dira, 2021ean, eta berritzaileak izango dira, eta kultur arloko eragileen elkarrekiko lanaren emaitza, gutxienez hiru hirien artetik biren elkarlanaren emaitza.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak honela baloratu du bilkura: "aukera berri bat da hiru hirietan gauzatutako kultur politikei buruzko ideiak eta esperientziak trukatzeko". Bestalde, Aburtok azaldu duenez, kultur sektorea igarotzen ari den errealitatearen gainean ere jardun dira, sektore hori izan baita covid-19aren pandemiak gogorren erasandakoen arteko bat. Bilboko alkateak adierazi du elkarlanerako hitzarmen hau kultur sektoretik gertu egoteko konpromiso bati zor zaiola, "Bilboko Udalak ahalegina egiten du bere kultur ekosistemari eusteko eta suspertzeko, oso baliotsua baita gure uriarentzat. Baliabideak, tresnak, laguntzak, dirulaguntzak, proiektu-poltsak...eta beste sustatzen ditugu, sektoreari irauten laguntzeko eta geroan ere bere kalitatezko eskaintza askotarikoa egin ahal izan dezan, uriko herritarren gozamenerako".

Gema Igual Ortiz Santanderko Alkateak beren-beregi nabarmendu du hiru hirien arteko lankidetzaren aro berri honen garrantzia: “Kultur sareari laguntzen jarraitzea da gure apustua, sormena sustatu eta sektoreko enpresen dinamismoari eustea xede duten proposamen berrien bitartez”. Santanderko Alkatearen hitzetan, Logroñorekin eta Bilborekin esperientziak partekatzea “funtsezkoa” da “une oro eta askotan harridura eragiteko moduan berritzen ari den esparru aktibo eta aldakor honen inguruko ikuspegia aberasteko”. Ildo horretan, argi utzi du “kultura dela Santanderren garapenaren ardatz estrategikoetako bat, eta beste hiri batzuekiko aliantzak bultzatzeak oso sinergia positiboak sortzen dituela Kantabriako hiriburuaren eskaintzari balioa erantsia emateko”.

Pablo Hermoso de Mendoza González Logroñoko Alkatearen esanetan, ekimena ezin mesedegarriagoa izan da hiriko kultur sarearentzat, izan ere, “14 proiektu aurkeztu dira, eta horietako bederatzietan hiriko kultur enpresek parte hartzen dute”. Hermoso de Mendozak balorazio positiboa egin du Logroñoko Udalak hiriko kultur sarea sustatzeko egin duen lanaz, “bereziki covidaren iritsieraz geroztik, kultur proiektuei zuzendutako laguntzen lehen deialdiaren bitartez, eta aurten ere bigarren edizioa zabaldu dugu, 270.000 eurokoa”, adierazi du. Konpromiso honen inguruan, “kulturaren arloko Logroñoko enpresek hiriaz haraindiko proiekzioa izan dezakete Bilboko eta Santarderko beste enpresa batzuekin gauzatutako lankidetza bidezko kultur proiektuen eskutik, betiere dantza, ahozko narrazioa, ondarea nahiz arkitektura ardatz hartuta”, gaineratu du.

“Logroño balio handiko kultur indarra duen hiria da. Oraintsu antolatu dugu Concéntrico, nazioarteko diseinu eta arkitektura jaialdiaren zazpigarren edizioa, irailaren hasierako egunetan Europa eta Amerikako 40 kultur erakunde eta Brasil, Finlandia, Frantzia, Berlin zein mundu osoko arkitekto-taldeak bildu dituena. Orain Antzinako Musikaren Astea antolatuko dugu, eta azaroan, Cuéntalo Narratiba Jaialdia, literatura, zinema, komikia nahiz musikaren arloetako sortzaileak elkartuko dituen nazioarteko topaketa”, azaldu du Pablo Hermoso de Mendozak.

JARDUNALDI PROFESIONALA IRAILAREN 17AN

Hiru udalek badute elkarren arteko lantalde egonkor bat, kultur erakundeetako arduradunak dituena kide, kultur politiken gaineko informazioa eta ezagutza trukatzeko elkarren artean, eta elkarri aholku emateko kultur jarduerari buruzko gaietan. Era horretan, hiru hiriek elkarrekin parte hartuko dute tokian tokiko edo estatuko nahiz nazioarteko proiektuetan, zeintzuen bidez kanalak sortzen baitira, harremanetan jartzeko hiri bakoitzeko sortzaileak, arlo batekoak zein bestekoak, hiri horietako zirkuituekin eta programatzaileekin.

Esate baterako, datorren irailaren 17an, Santanderren, jardunaldi profesional bat egingo da, harremanetan jartzeko Bilboko, Santanderko eta Logroñoko musikaren arloko industriako eragileak, musikariak eta erakunde-ordezkariak, harremanak estutu, sareak egin eta elkarrekin lan egin dezaten geroko kultur eta sormen proiektuetan, egungo hau bezalako egoera asalduzko eta zail batean.

Jardunaldiak bi zati izango ditu: lehenengoan, hiru mahai-inguru egingo dira, sektorearen ikuspegi berezitik aztertzeko zer behar hautematen diren egungo egoeran, eta nola eman ahal zaien erantzuna tokiko administrazioaren mailatik. Eztabaida horiek Tabacalera gizarte etxean gauzatuko dira, eta musikaren industriako hamar bat profesional jardungo dira, hiru hirietakoak.

Jardunaldiaren bigarren zatia Escenario Santander gunean egingo da, eta hiri bakoitzeko talentu berrien erakustaldi bat izango da han, genero bateko eta besteko hiru musika-talde arituko baitira, hiri bakoitzetik bana, hara bildutako publikoari nor bere musika erakusten.