Aurreko edizioko arrakasta kontuan izanda, Bilbok irailaren 18an ospatuko den Espainiako Distantzia Erdiko Triatloi eta Aquabike Txapelketak jasoko ditu berriro ere aurten.

ItsasMuseumaren zabaldegian kokatuko dira beste behin trantsizio gunea, hasiera eta helmuga. Gune hori izango du ardatz parte-hartzaileek osatu beharko duten ibilbideak: 1,9 kilometro igerian Itsasadarretik, 82,5 kilometro bizikletan Larrabetzutik eta Morgara igotzeko; eta, bukatzeko, 21 kilometroko lasterketa oinez, Itsasadarreko pasealekuan zehar zazpi kilometroko zirkuitu batean hiru buelta emanda, Guggenheim museotik, Erripa kaitik eta Euskaldunako zubia bezalako toki adierazgarrietatik igaroz.

2020ko Bilboko ekitaldia bertatik bertara bizi izan zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen hitzetan "ohore bat da hiriarentzat bigarren urtez jarraian kirol-munduan maila berri bat duen Txapelketa hau antolatzea. Txapelketak Bilbon lortu du maila berri hori: mota honetako ekitaldiak zorroztasun eta profesionaltasunez antolatzeaz gain, horietaz gozatzen duen hiri batean".

Bilboko Udalak aurrerapauso handi bat eman zuen joan den urtean Espainiako Triatloi Federazioari laguntza eskainiz lehiak berreskuratzeko. Alkateak adierazi duenez "pandemiak protokoloak berrantolatu ditu, segurtasuna izan behar delako lehentasuna, baina hori ez da oztopo izango Triatloiaren edizio berri honetan parte hartzera edo txapelketa ikustera etorriko diren guztientzat. Covida gorabehera, joan den urtekoa ekitaldi zoragarria izan zen eta aurten inoiz baino ilusio handiagoarekin errepikatuko dugu".

Triatoilariek gero eta hobeto ezagutzen dute Espainiako Distantzia Erdiko Triatloi eta Aquabike Txapelketak eta Bilbao-Bizkaia 2022 Europako Multikiroleko Duatloi, Distantzia Erdiko Triatloi eta Aquabike txapelketak jasoko dituen hiriaren onurak. Hiriaren onurak ez dira triatloiaren munduan bakarrik ezagun egin: Juan Mari Aburtoren esanetan "Bilbo kirol ekitaldi garrantzitsuen nazioarte mailako erakusleiho nabarmena bilakatu da azken urteetan. Ekitaldi horiei kirolaren erakargarritasunaz eta indarraz gain Guggenheim museoaren titanioak, itsasadarrak, gure kulturak eta beste osagai askok hiriari ematen dieten edertasuna gehitu zaizkie".

Horrez gain, Alkateak adierazi du "Bilbok Red Bullen jauzi ezagunen, Europako errugbi txapelketa nagusien finalen, maratoien, Espainiako Vueltaren eta abarren hainbat edizio jaso ditu eta, horietan guztietan, hiriak eskaintzen duen xarmaz gain, ekitaldi guztiak bertatik bertara bizitzen dituzten hiritarrek kanpotarrak jasotzeko duten prestasuna eta berotasuna da hiriaren erakargarri nagusietako bat".

Kirola sutsuki bizi duen eta bere hastapenetatik triatloiarekin bereziki gozatzen duen hiria da Bilbo. Alkatearen esanetan hirian kirolagatik dagoen grina "ohitura luze bat da. Estropadak, saskibaloia, futbola... Eskolara doazenetik gure gazteei erakusten diegun zerbait da. Eta, ez dezagun ahaztu Athletic Clubarekiko dugun pasioa. Hori kiroletik haratago doan zerbait da".

Gainera, Juan Mari Aburtok adierazi duenez, Udaletik "apustu irmoa egin da kirol ekitaldi garrantzitsuak jasotzeko gai den hiri baten alde. Erakutsi dugu ongi eta profesionaltasunez egiten dugun zerbait dela, ibiltzen ezagutu daitekeen, segurua den eta kultura aberatsa duen (gastronomiaz ahaztu gabe) tamaina erdiko hiri baten elementu erakargarrienak erakutsiz". Alkatea ilusioz aritu da Bilbok dituen erronkez, "Tourraren irteera besteak beste".