Bilboko Udalak 370.552 euroko aurrekontua bideratuko du Mallonako A futbol-zelaia eta Ibarsusiko B futbol-zelaia berritzeko. Lanak 10 asteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera, eta espero da denboraldi hasierarako prest egotea.

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bitartez, Mallonako A futbol-zelaiko eta Ibarsusiko B zelaiko hobekuntza lanak hasi ditu.

Belar artifiziala eta kirol ekipamendua, biak berrituko ditu Udalak. Helburua da instalazioak kirola egiteko egoera onean egotea.

Kentzen ari den belar artifizialaren ordez, azken belaunaldiko beste bat jarriko dute: polietileno monofilamentuzko eta fibrilatuko zuntz konbinatuak, gutxieneko 60 mm-ko altuerakoak, polipropilenozko edo zuntzez sendotutako poliesterrezko xafla baten gainean. Betegarriak bi geruza ditu: lehen geruza edo beheko geruza silizezko hondar biribildu, garbitu eta lehorrarekin lastaztatzen da; bigarrena, goiko geruza, elastikoa da kautxuzko partikulekin betea.

Futbol-zelaiak 96,50 metro luze eta 63,00 metro zabal dira, hau da, 6.080 metro karratu dituzte eta 3 zelai hartzen ditu barruan: 11ko futboleko zelai bat, luzetara aritzeko, eta 7ko futboleko beste zelai bi, zeharretara jarrita.

Bide batez, lan hauek ere egingo dira: ura biltzeko sistema hobetu, saneamendu-sarea garbitu, ureztatze-sisteman aldaketak egin, ura husteko sistema konpondu eta, tarteka, zorua ere bai. Gainera, Mallonan edateko urez hornitzeko sarea konponduko da.

MALLONA ETA IBARSUSI

Mallonako udal futbol-zelaietan 60 talde baino gehiago aritzen dira entrenatzen eta lehiatzen, 1.000 futbolari baino gehiago, Bilboko lau klubetakoak: Danok Bat Fikako Kluba, Santutxu F.C., SD Begoña eta C.D.Solokoetxe.

Ibarsusiko zelaian aritzen dira Otxarkoaga C.D.Txurdinaga C.D eta A.D Berriotxoa eta Ibarsusi klubak, 40 talde eta 725 jokalari guztira.