Bilboko Udala aurrera darrai uriko auzoetako irisgarritasuna hobetzeko planarekin. Oraingo honetan, Uribarri auzoaren txanda izan da. Udalak 1.735.000 euroko aurrekontua bideratu egin du Bakio, Gorliz, Santurtzi, Plentzia, Tutulu eta Lezamako trenbide zaharreko bidean hobekuntzak egitera. Besteak beste, bi igogailu eta hainbat arrapala eraiki egin dira.

Egikunearen eremua Artxanda mendiaren magaletan dago, eta, beraz, desnibel handiak daude goiko aldearen eta beheko aldearen artean, 35 metro artekoak, gutxi gorabehera. Egikune honen norainokoa ezagutzeko, gaur goizean, inguru hartaraino hurbildu dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziarekin, eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera.

Lehenagoko egikuneetan, Udalak eginak zituen bi igogailu, bata Uribarri C zeharkalea Maurice Ravel etorbidearekin lotzeko, eta beste bat Tutulu kalea Bakio kalearekin lotzeko. Horiek gehitu behar zaizkie, beraz, Trauko kaleko eta Kristo kaleko elementu mekanikoei, zeintzuekin guztiekin ororentzako irisgarritasuna ematen baitzaie auzotarrei, Udaletxetik hasi eta auzoaren goiko alderaino. Uribarriko mendebaldearen irisgarritasunaren aldeko neurriak osatu egin ziren Metroaren 3. linea iristearekin.

Orain, ororentzako irisgarritasunaren aldeko apustua auzoaren ekialdera eroango da: han, hobetu egin dira Tutulu kalearen eta Maurice Ravel kalearen eta Lezamako trenbide zaharreko bidearen arteko loturak, zutiko bi igogailu jarriz; arrapalak eraiki dira, eta kale batzuk egokitu egin dira oinezkoek eta ibilgailuek elkarrekin erabili ahal izan ditzaten; horretarako, oinezkoentzako zuzeneko sarbideak eraiki dira Gorliz kaletik --han baitzegoen lehen kale itsua-- Santurtzi kaleraino.

EGIKUNEAREN EREMUA

Egikunearen eremua, beraz, Maurice Ravel etorbidearen eta Lezamako trenbidez zaharreko bidearen artean dago, Uribarri auzoaren ekialdean, hau da, kale hauetan: Tutulu, Bakio, Santurtzi, Gorliz, Plentzia eta San Balentin Berriotxoa.

Inguru horretan, hiri-bilbearen antolaera dela-eta, kale paraleloek malda leun bat dute, eta, aldiz, Plentzia eta Tutulu kaleetako zati perpendikularrek oso malda handiak dauzkate, gune batzuetan % 21eko eta are % 27ko desnibela ere badutelarik.

Orografia zail hori arintzearren, bi igogailu ezarri dira, bat Gorliz eta Plentzia kaleen artean, eta beste bat Plentzia eta Lezamako trenbide zaharraren bidearen artean. Lehenak 5 metroko ibilbidea du, eta bigarrenak 6 metrokoa; batera zein bestera sartzeko, pasabide bat dago, 8 metro luze dena.

Igogailu-kabina bakoitzak 13 pertsonentzat du lekua.

Gainera, arrapala batzuk eraiki dira, auzoko gune batzuen eta besteen artean lotura irisgarriak ezartzeko, lehenago eskaileren bidez edo oso aldats handiko arranpen bidez lotzen baitziren. Hona hemen zer konponbide baliatu den puntu hauetan:

  • San Balentin Berriotxoa kaleko 15. zenbakirako sarbidean, arrapala bat.
  • Bakio kaleko 9. zenbakirako sarbidean, arrapala bat.
  • Plentzia eta Gorliz kaleen arteko kantoian, arrapala bat.
  • Tutulu kaleko 20. zenbakirako sarbidean, arrapala bat, eta beste bat Gorliz kaleko 15. zenbakirako sarbidean.

Beste alde batetik, oinezkoen eta ibilgailuen trafikoa kota berera ekarri dira, lehentasuna emanez oinezkoari, honako puntu hauetan:

  • Ibilgailuek eta oinezkoek elkarrekin erabiltzeko gune bat, Tutulu kalearen 18. zenbakian.
  • Ibilgailuak eta oinezkoak elkarrekin erabiltzeko gune bat, Gorliz eta Santurtzi kaleetan.

53 IGOGAILU DAUDE ZERBITZU EMATEN, ETA 10 EZARTZEKO BIDEAN

Elementu mekaniko bi horiek ipinita, dagoeneko 53 dira urian zerbitzu ematen ari diren igogailuak. Horiez gain, badira beste 10 ere, ipintzeko bidean.

Horien artean, Uribarri 2. barrutian daude beste bi. Zehazki, bat Campo Volantín kalearen eta Tiboli zeharkalearen artean; eta, horiez gain, beste bat Abasolo kalearen eta Lezamako trenbide zaharreko bidearen artean.

Beste lau, garatzeko fasean daude Otxarkoagan: hiru, Txotena kalean (4., 29. eta 34. zenbakien ondoan) eta laugarren bat Ángela Arregui plazan.

Altamiran ere, lau ari dira egiten, auzoko Irisgarritasun Plan Integralaren barruan.

Horiei, 20 arrapala eta eskailera mekaniko gehitu behar zaizkie (Bilboko bost gunetan), betiere herritarren kalitatea hobetzeko helburuarekin. Izan ere, irisgarritasuna lehentasunezko zehar-lerro bat da Bilboko Udalaren sailen lana planifikatzeko garaian.

AUZOKIDE PLANA

Obra horiek Uribarri auzoan egitea uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan jasota datorren egitasmo bat zen; izan ere, Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako dauzkan tresnetan garrantzitsuenetako bat. Eta, beraz, 2. barrutiko auzotarrek lehenetsitakoak direla esan nahi du.

Auzokide Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8. barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.