Urian bizikletaren erabilera sustatzeko ahaleginetan, Bilboko Udalak itsasadarraren bi aldeetan dauden bidegorriak lotzeko lanak egingo ditu. Obrak astearte honetan hasiko dira, uztailak 13, eta bidegorri berria udaletxeko zubitik igaroko da.

Obrek 5 hilabeteko iraupena izango dute, eta Udaletxeko zubiak noranzko bakarreko bi bidegorri-zati izango ditu. Bide-zati horiek espaloiekiko paralelo joango dira, noranzko bakoitzean, eta Ernesto Erkoreka plazan, biribilguneko espaloien ondoan, egingo den bidegorri zirkular batekin lotuko dira. Biribilguneak 3 errei izan beharrean errei 2 izango ditu.

Bidegorri berria egiten denean Udaletxetik gorantz doan erreietako bat kenduko da, eta zirkulazioaren noranzko horretan errei bakarra egongo da; bestalde, zubiaren amaieran, goiko aldean, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat egingo da, semaforoekin arautua.

Bizikleta-bide berri horrekin lotzeko, Campo Volantinetik doan bidegorria noranzko bakarrean luzatuko da Erkoreka plazaraino, eta Deusturako egungo loturari eutsiko dio. Uribitarte pasealekuan dagoen bidegorriarekin lotzeko bi noranzkoko tartea egingo da egungo aparkalekuen eremuan, kalearen hasieran.

Taxien geralekua orain dagoen lekutik Udaletxeko albo batera eramango da (San Agustin eraikina); hain zuzen ere, espaloia handitzeko kenduko da egungo geralekua. Taxien geralekuaren kokaleku berri horrek galtzadatik errei bat kentzea eragingo du tarte horretan.

Azkenik, Sendeja kalean, oinezkoentzako pasabidea plazatik gertuagoa jarriko da, egungo bizikletentzako erreiaren eta biribilgunearen arteko loturen seinaleak egokitzeko.