Uriko irisgarritasuna hobetzen darrai Bilboko Udalak. Oraingo honetan, bi igogailu berri eraiki egin ditu Irala auzoan. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok elementu mekaniko biak inauguratu egin ditu gaur goizean, uztailak 9.

Igogailu bertikal eta panoramiko bi horiek, Andres Isasi kalean daude, Irala eta Padurako Guduaren kaleen artean, eta irisgarritasun unibertsala eman diote kaleari; 3,53 metroko eta 3,31 metroko desnibelak gainditzen dituzte, hurrenez hurren. Igogailuak jarri arte, desnibela gainditzeko eskailera-tarteak igo eta jaitsi behar izaten ziren.

Igogailu horiek segida ematen diete inguru horretan aurretik egindako jarduketei; izan ere, Bilboko Udalak irisgarritasuna hobetzeko jarduketak eginda zituen, Trenbideko etorbidearen eta Padurako Guduaren kalearen artean egindako igogailuarekin.

Eta Iralara joan da gaur goizean Juan Mari Aburto alkatea, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Asier Abaunzarekin, Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfontso Gilekin eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera, elementu mekaniko horiek abian jartzeko ekitaldira.

Andrés Isasi kaleko igogailu berriek hamahiru pertsona sartzeko lekua dute, eta kabinak beirazkoak dira, kanpoaldetik ikusgai izan daitezen ibil-tartearen edozein puntutatik. Geraleku bi dituzte, 180º-tan, eta goiko geralekutik bide horizontal batetik ateratzen da. Gainera, igogailuek zaintza-sistema bat izango dute denbora errealean, eta babes-barandak jarri dira igogailuen irteeran. Eskudela ere edukiko dute jarduera-eremuko gainerako eskailera eta arrapala guztietan.

Lanak direla-eta kendutako hiri-elementu guztiak berriro jarri dira, eta kaltetutako berdeguneak ere atondu dira.

Guztira, 814.200 euroko inbertsioa egin da. Horiekin indartu egiten da Udalak uriko auzo guztietan irisgarritasun unibertsala hobetzeko egindako apustua.

51 IGOGAILU DAUDE ZERBITZU EMATEN, ETA 12 EZARTZEKO BIDEAN

Igogailuek hau abian jarririk, Udalak are tinkoago egiten du guztientzako irisgarritasunaren alde. Hauekin, 51 dira urian zerbitzu ematen ari diren elementuak. Horiei, beste hamabi gehitu behar zaie, oraindik ezartzen ari direnak.

Lau, 2. barrutian (Uribarri). Zehatz esateko, bat Campo Volantín eta Tiboli zeharkalean, beste bat Abasolo kalearen eta Lezamako trenbide zaharreko bidearen artean; eta beste bi Bakio, Plentzia, Gorliz, Santurtzi, Tutulu eta Lezamako trenbide zaharreko bidea kaleetan.

Beste lau, garatzeko fasean daude Otxarkoagan: hiru, Txotena kalean (4., 29. eta 34. zenbakien ondoan) eta laugarren bat Ángela Arregui plazan.

Altamiran ere, lau ari dira egiten, auzoko Irisgarritasun Plan Integralaren barruan.

Horiei 20 arrapala eta eskailera mekaniko gehitu behar zaizkie (Bilboko bost gunetan), betiere herritarren kalitatea hobetzeko helburuarekin.Izan ere, irisgarritasuna lehentasunezko zehar-lerro bat da Bilboko Udalaren sailen lana planifikatzeko garaian.