Bartzelonarekin batera

Bilbok Citython 2021en bigarren edizioa jasoko du

08.07.2021 | 19:24
Bilbo, Artxandako begiratokitik ikusita.

Uztailaren 16tik 21era bitartean, Bilbok Citython 2021en bigarren edizioa jasoko du, Bartzelonarekin batera. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, birtualki ospatuko da.

Bertan hainbat profil eta esperientziatako ikasle eta profesional telematikoki elkartuko dira, konponbide berritzaileak aurkitzeko, etorkizuneko hirietan mugikortasuna definitzen laguntzeko helburuarekin.

Ekitaldi hau CARNETek (CIT UPCk bultzatutako ekimenak) antolatzen du, Bilboko Udalaren, Bartzelonako Udalaren eta Tecnaliaren laguntzaz. Finantzaketa EIT Urban Mobilityren eskutik dator, hau da, Europar Batasunak hiri-espazio bizigarriak sortzeko bultzatu duen ekimenetik, zeinak Europako Berrikuntzaren eta Teknologiaren Institutuaren (EIT, ingelesezko siglen arabera) babesa baitu.

Bilbok estreinako aldiz parte hartuko du ekitaldi honen antolaketan eta, hala, hiri-mugikortasunaren abangoardian kokatu da.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko alkateorde eta zinegotzi ordezkariak Citython 2021aren aurkezpen ofizialean parte hartuko du bihar, uztailaren 16tik 21era, formatu birtualean.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko bigarren alkateordeak azaldu duenez, "hauxe da, mundu osoan, 300.000 biztanletik gorako lehen hiria hirigune guztian abiadura-muga 30 km/h-n jarri duena; gaur egun, hiri mugikortasun jasangarri eta osasuntsuan erreferentea gara mundu zabalean. Lanean jarraitzen dugu hiri humanoagoa, irisgarriagoa eta solidarioagoa sortzeko; gure kaleetan garraiobide jasangarriagoak lehenesten ditugu horrela, hala nola bizikleta eta oinez ibiltzea. Hori herritar guztien ahaleginarekin baino ezin daiteke lortu".

Bartzelonak Citython-ekin kolaboratu du lehenengo ediziotik, 2018an egin zena, eta hiriko auzo guzti-guztietan mugikortasun seguru eta jasangarri baten aldeko apustua egin du. Eugeni Rico Bartzelonako Udaleko Mugikortasun Saileko goi ingeniariak uste du "garraiobide jasangarriagoak bultzatzea eta mugikortasun segurua bermatzea erronka handiak direla Bartzelonarentzat. Izan ere, hiri batek ziurtatzen badu umeak eta adineko pertsonak modu autonomo, eroso eta seguruan ibili daitezkeela –bai oinez, bai bizikletaz, bai garraio publikoan–, hiri atsegina izango da eta pertsonen osasuna eta ingurumena errespetatuko ditu".

BI HIRI, HIRU ERRONKA

Citython Bilbao Barcelona 2021en aurkezpena uztailaren 8an egingo da, jendaurreko ekitaldi batean. Daniel Serra (EIT Urban Mobility-ko zuzendaria Europako hegoaldean), Alfonso Gil eta Eugeni Rico izango dira ekitaldian ongi etorria ematearen arduradunak. Saio honetan hiri-mugikortasunaren hiru erronka aurkeztuko dira, zenbait adituren eskutik, hala nola Nelida Santos, Mugikortasun eta Jasangarritasun Arlokoa; Roberto San Salvador del Valle Doistua, Deusto Cities Lab Katedra-ko zuzendaria; Urrotz Larrañaga, Bilboko Udaleko Garraio Adimentsuko Sistemen ingeniaria, eta Jesus de la Quintana, Tecnaliako Hiri Soluzioen Ekimen Berritzaileetako burua.

Edizio honetako parte-hartzaileek Bilbok eta Bartzelonak proposatutako erronketako bati erantzun beharko diote:

  • Gidarien ohiturak aldatzea sustatzea, hiri-mugikortasun jasangarri eta inklusibo baterako aldaketa azkartzeko, Bilbok hirigune guztian abiadura 30 km/h-ra mugatzen duen neurria hartu ostean.
  • Hiri-logistika jasangarri bat sustatzea, Bilbon merkataritza elektronikoa eta merkatugaien banaketa urbanoa modu esponentzialean gehitu baitira.
  • Bartzelonaren kasuan dagoen erronka mugikortasun seguru, jasangarri eta osasuntsu bat mesedetzean datza, bai oinez, bai bizikletaz.

Parte hartzeko izena emateko epea uztailaren 11n amaituko da. Taldeek 6 egun izango dituzte, uztailaren 14tik 21era, proposamenak lantzeko; 21ean behin betiko ideiak aurkeztu beharko zaizkio epaimahaiari. Parte-hartzaileek mentoretzako bakarkako saioetara joateko aukera izango dute, egindako lanaren feedbacka jasotzeko (uztailaren 16an eta 19an). Irabazleen izenak 21ean iragarriko dira, eta 1.500 euro banatuko zaizkie saritan. Gainera, Bartzelonan azaroan egingo den Smart City Expo-an zehar soluzio bat aurkezteko abagunea eskainiko zaie.

noticias de deia