Uriko gazteei aisialdirako jarduerak eskaintzen darrai Bilboko Udalak. Oraingo honetan, Bilbao Kirolak udal-entitatearen bitartez, urpean igeri egiten ikasteko bataioak antolatuko ditu. Zortzi bataio egingo dira guztira, guztiak erabat doakoak, eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteei bideratuta egongo dira. Aukera bikaina da ohikoa ez den jarduera bat praktikatu ahal izateko.

Egitasmoa uztailaren 10ean eta 17an (larunbatak) eta uztailaren 11n eta 18an (igandeak) gauzatuko da, Errekaldeko kiroldegiko igerileku estalian. Guztira, 80 plaza eskaintzen dira, 10 plaza saioko.

Egunero, ordu eta erdiko bina saio emango dira: lehena, 10:00etatik 13:30era, eta bigarrena 11:30etik 13:00era.

Parte hartzeko, beharrezkoa da Bilbao Kirolak udal-entitatean abonatua izatea eta izena ematea aldez aurretik, Bilbao Kirolak udal-entitatearen web-orrian edo kiroldegietako salmenta-puntuetan, bihartik hasita (uztailaren 2a).

Ikastaroa egiteko behar den material guztia utziko zaie parte hartzaileei, eta, hala, toalla, txanoa, txankletak eta maskara baino ez dituzte eraman beharko; maskara, beraz, instalazioetan batera eta bestera ibiltzeko eta egoteko.

Egitasmo honekin, Bilbao Kirolak udal-entitateak aurrera egiten du eskaintza bete eta zabala egiteko konpromisoan, gustu guztietarako diseinatutako eta pentsatutako kirol modalitateekin. Gainera, jarduera gazteentzat da, aisialdi eta bizi-ohitura osasungarriak adin txikienetatik sustatzeko asmoarekin.

Jarduera hau, bestalde, indarrean diren osasun-segurtasuneko eta -prebentzioko neurriak betez egingo da.