Gala berezi batekin

Bilbok amaiera eman dio 'Mugikorrak zurrumurruen aurka' programari

21.06.2021 | 18:06
Bilborocken ospatutako 'Mugikorrak Zurrumurruen aurka' challengeko finala.

Bilboko Udalak amaiera eman dio ostiral honetan, ekainak 18, 'Mugikorrak zurrumurruen aurka' izeneko programari. Hala, Bilborock aretoak jaso egin du challengearen finala.

Bilboko Udalak "Mugikorrak Zurrumurruen aurka-Aniztasunaren alde, diskriminazioaren aurka" ikus-entzunezko erronka jarri zuen martxa 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, Zurrumurruen Aurkako Proiektuaren balioak eta edukia landu zitzaten. "Ikus-entzunezko challenge" horrek hiru kategoria planteatzen zituen, dantza, musika eta film laburrak, eta 10 bideo aurkeztu dira.

Ekimenaren erronka gai hauei lotutako bi minutuko bideo bat egitea izan da; bizikidetza, kulturartekotasuna, kultur, erlijio edo hizkuntz aniztasuna, arrazakeriaren aurkako borroka, estereotipoak, aurreiritziak, zurrumurruak, errespetua, elkarrizketa, aniztasunaren abantailak eta gazteek egin ditzaketen ekarpenak. Gala, sarituei sariak emateko esparrua ere izan da.

Parte hartu duten bideoen proiekzioaren ondoren, sariak ezusteko batekin banatu dira, aurkeztutako proposamenak ardatz hartu dituen inprobisaziozko "Improtxoua" antzerki-ikuskizuna. Festa, Gazteguneetan (Begoña, Zorrotza eta Otxarkoaga) eta prestakuntza zentroetan (Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa) emandako tailerren bidez 120 gaztek baino gehiagok parte hartu duten lan-prozesuari amaiera emateko egin da. Tailer horietan, atzerritarrei buruzko zurrumurruen, aurreiritzien eta estereotipoen aurkako sentsibilizazioarekin erlazionatutako edukiak eskaini dira.

Epaimahaiak egindako ahalegina eta jasotako bideoetatik ateratako mezu positiboa nabarmendu ditu, eta baita bizikidetzaren, aniztasunaren eta tolerantziaren balioa agerian zelan jartzen duten ere.

Film laburren modalitatea:

  • 1. sariaren irabazlea: "Y a ti, qué te gusta de otros lugares?", Otxarkoaga Prestakuntza Zentroarena

Epaimahaiak azpimarratu duenez, jatorri desberdinak dituzten gazteek euren gustuak eta lehentasunak erakusten dituzte, kulturartekotasuna modu positiboan erakusten dute eta gustuek jatorria bera zelan gainditzen duten. Bideoa egiteko egindako grabazio-, edizio- eta muntaketa-lana ere aipatu da.

  • Finalista-2. saria: "Gazte TV Begoña", Begoñako Gaztegunekoa

Epaimahaiak, oinarrietan proposatutako edukietara, interpretaziora eta mezuaren azalpenaren argitasunera egokitzeagatik erabaki du bideoa saritzea.

Dantza modalitatea:

  • 1. sariaren irabazlea: "Private License", Alldance dantza eskolakoa

Dantzaren interpretazioaren kalitatea eta dantzarien jarrera nabarmendu dira, eta erakutsitako dantzaren atzean dagoen lana azpimarratu da.

  • Finalista-2. saria: "Kontrol", Alldance dantza eskolakoa

Dantza gauzatzerakoan agertzen den jarrera eta poza erabakigarriak izan dira epaimahaiak saria eman diezaien.

Musika modalitatea:

  • 1. saria: "Aurreiritziak", Musika taldearena

Musika modalitatean bideo bakarra aurkeztu da. Lehiakide bakarra izan arren, oso positibotzat jo da oso mezu positiboa duen eta hainbat musika-tresnarekin oso ondo gauzatutako interpretazioa duen gai bat lantzea.

ZURRUMURRUEN AURKAKO 2021EKO GAZTEEN GOI-BILERARA ZUZENEAN

Festarekin amaitu den lan-prozesuak jarraipena izango du uztailaren 15etik 18ra bitartean egingo den Zurrumurruen aurkako Gazteen Goi-bileran parte hartuko duten gazte batzuen partaidetzarekin. Goi-bilera horretan, EAEko, Estatuko eta Europako beste hiri batzuetako zenbait hiritako gazteek hartuko dute parte.

2021eko goi-bileraren formatuak aurrez aurreko jarduerak eta online jarduerak konbinatuko ditu, helburu hauekin: parte hartzen duten udalerrietan gazteak Zurrumurruen Aurkako Estrategian sar daitezela bultzatzea; gazte interesdunei parte hartzeko eta esperientziak trukatzeko espazioak eta tresna erabilgarriak eskaintzea, aurreiritzirik eta zurrumurrurik gabeko gizartea eraikitzen lan egin dezaten; eta estrategia bultzatu ahal izateko ekintza-talde bat sortzea.

Itziar Urtasun Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako zinegotziak Zurrumurruen Aurkako Estrategiaren helburu orokorra berretsi du. Bere berbetan, "Diskriminazioa prebenitzea, bizikidetza hobetzea eta kultur aniztasunaren potentziala aprobetxatzea, herritar guztien artean, oro har, eta talde hartzaileen, kasu honetan, gazteenen, artean pertzepzioak, jarrerak eta portaerak aldatuz".

Urtasunek adierazi duenez, "Helburu hori kulturartekotasunaren, herritarren integrazioaren eta diskriminazioaren aurkako borrokaren balioekin konprometitutako pertsonen eta erakundeen sare bat sortuz, dinamizatuz eta sendotuz bideratzen da, Bilboren gizarte kohesioan laguntzeko".

noticias de deia